“Oñatin Elkarrekin Ekin” programan digitalizazioa bereziki landuko da aurten

2021/03/04
Merkataritzako Ekintza Planarekin bat eginez, martxan diren negozioen beharrak identifikatu eta horiei aurre egiteko bideak jorratuko dira

  Udalak, MUko Mondragon Team Academyrekin batera lantzen duen programa da Oñatin elkarrekin ekin. Orain abiatu berri dena laugarrena da. Programaren helburu nagusia ekintzailetza sustatu eta ekintzaileen arteko komunitatea sortzea da. Negozio ideia berriak martxan jarri nahi dituzten pertsonei eta dagoeneko martxan diren enpresa txikien kudeatzaileei zuzentzen da, baina aurten bereziki, merkataritza eta zerbitzu sektoreko komertzio, autonomo eta enpresa txikiak parte hartzera animatu nahi dira. Azken urtea zaila izan da sektorearentzat eta erronka berriei ekiteko programak eskatzen dituen aukerak eskaini nahi zaizkie. Hala, hiru fasetan gauzatuko den programaren lehen asteetan merkatariek beraiek dituzten beharrak identifikatuko dira.

  Egitasmoa hiru fasetan gauzatuko da: analisiarena, bideragarritasuna lantzekoa eta aholkularitza fasea. Digitalizazioa berriz, modu transbersalean landuko da, bereziki bigarren eta hirugarren faseetan. Izan ere, Elkarrekin ekin egitasmoa udalak aurkeztu berri duen Merkataritzako Ekintza Planarekin lotzea erabaki da eta ahalegin berezia egingo da komertzioen eta zerbitzu sektoreko negozioen digitalizazioa eta serbitizazioa sustatzeko, besteak beste.

  Elkarrekin Ekinen laugarren programa Aste Santu ostean hasiko da. Une honetan informaziorako eta izena emateko epea zabaldu da. Horretarako, udaleko Sozioekonomia departamentura jo behar da: 943003198 / enplegu@onati.eus
 
Iturria: Oñati Irratia