“Artzain bidea” izeneko txangoa osatuko da domekan Arantzazuko Parketxeak eta Arantzazuko Adiskideak elkarteak antolatuta

2015/06/09
Oltzako artzainek etxolako ateak irekiko dizkiete mendizaleei

  Aizkorri-Aratz Natura Parkea ezagutzera emateko, aurtengo hirugarren txangoa izango da domekakoa.
Ibilbideak Aizkorri-Aratz Parke Naturalean oso ezaguna eta aipagarria den artzain barruti batera eramango ditu mendizaleak, Oltza saroira hain zuzen ere. Artzain esparru hau oso ezaguna da eta bertan ohiko artzaintzak utzitako aztarna ugari bistaratzen dira. Saroi honetan,  lekuaren izen berbera duen etxola bisitatuko da, gainera. Mari Paz eta Jose artzain bikoteak ongi etorria emango diete mendizaleei eta mendiko bizimoduaz eta inguruan aurkitzen diren antzinako aztarnez argibideak emango dizkiete. Mari Paz eta Jose artzainek Oltzan igaro dute bizitza erdia, Aizkorriren magalean eta 1000 metrotik gorako altueran. 

  Oltzan badirudi denbora gelditu egin dela. Bertara iristean garai bateko artzaintzarekin topo egiten da, garai batekoa baina oraindik bizirik dagoen artzaintzarekin. Artzainen kareharrizko etxola txikiek bizi modu berezi baten lekukotza ematen dute eta inguruan, gizakia, animaliak eta natura bat eginda agertzen dira. Domekan, errealitate horretara hurbiltzeko aukera ematen duen mendi txangoa egingo da. Hala nahi duenak, gainera, Oltzako artzainen gazta dastatu ahal izango du. Horretarako, era honetako ibilbideek duten 3 €ko tarifaz gain beste 4 € ordaindu beharko dira, baina hori, norberaren aukerakoa izango da.

  Txangoak, 15 kilometro inguruko ibilbide zirkularra beteko du. Ertamailako zailtasuna du antolatzaileen esanetan eta ondorioz, 12 urtetik gorakoei zuzendu da. Parte hartzeko, ohikoa denez, aurrez izena ematea eskatzen da Arantzazu Parketxera telefonoz deituta: 943.782894 zenbakira deituta. Ibilaldia, domekan, goizeko 9etan, Parketxeko harrera lekutik abiatuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Oltzako etxola