“Abeltzaintzako jarduera osagarriak” ziurtagiria eskuratzeko formazio ikastaroa hasiko da bihar

2019/11/26
Udalak, HAZI fundazioak eta Gomiztegik elkarlanean antolatu dute

  Abeltzaintza arloan lan egiteko interesa izan eta langabezian dauden pertsonei zuzendutako formazio ikastaroa da Abeltzaintzako jarduera osagarriak izanekoa. Helburua, lehenengo mailako profesional ziurtagiria eskuratzea izango da baina bigarren mailakoa lortzeko bidean pare bat modulu ere aurreratuko dira. Izan ere, aurrez aparteko ezagutza edo formaziorik eskatzen ez duen oinarrizko mailatik hasiko da ikastaroa eta profesionaltasunerako bidean erdi mailako Lanbide heziketa ziklo baten oinarrizko ezagutza lortuko da, gutxi gora behera. 510 orduko ikastaro teoriko-praktikoa izango da eta tartean, bisita teknikoak egingo dira. Ikastaroaren alde teorikoa Zubillagako Olaburu zentroan landuko da eta praktikoa eta bisita teknikoak, Gomiztegi baserrian eta beste hainbat ganadu esplotazioetan.

  Abeltzaintzako jarduera osagarriak ziurtagiri profesionala eskuratzeko ikastaroa irailean hasi asmo zen, baina lehen deialdian ez zen gutxieneko taldea osatu eta uda ostean bigarren deialdi bat egitea erabaki zen. Oraingoan bai, 13ko taldea osatu da. Bihar hasiko den ikastaroa martxoa-apirilera arte luzatuko da eta bitartean, eskolak, astelehenetik ostiralera, 8:30tatik 14:30tara izango dira.

  Udalak eta HAZI fundazioak elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten udaberrian. Helburua, lehen sektoreari buruzko formazio ikastaroak Oñatin, Olaburu zentroan eman ahal izatea. Hitzarmen horren babesean egiten den lehen ikastaroa da bihar hasiko dena. Jarraipena ere eman nahi zaio, eta gauzak ondo, Abeltzaintzako jarduera osagarriak bigarren mailako profesional ziurtagiria eskuratzeko ikastaroa antolatuko da.

  Udalak urteak daramatza profesional mailako ziurtagiriak eskuratzeko formazioa ematen. Orain arte, menpekotasuna duten pertsonen zaintza arloan dihardutenei zuzendutako formazio saioak eman dira, baina bihar, abeltzaintza arloan lan egiteko interesa dutenei zuzendutakoa hasiko da.

Iturria: Oñati Irratia