Oñatiko udala

2015-2019 agintaldiko balorazio positiboa egin du EH Bilduk

2019/04/16
Card image cap
Udalaren egoera ekonomiko ona azpimarratuta, herritarren beharrei erantzun zaiela eta balore zehatzekin, egiteko modu jakin batez aritu direla esan zuen alkateak

  Prentsa agerraldia egin zuten EH Bilduko ordezkariek atzo eguerdian, amaitzear dagoen agintaldiko balorazioa azaltzeko. 2015-2019 legegintzaldian, aurreko 4 urteetan hasitako lanari eta kudeaketarako esperientziari jarraipena eman zaiola esan zuen alkateak, udaletxearen kudeaketan zorrotz eta eraginkor jokatuaz.

  Udalaren egoera ekonomiko ona azpimarratu zuen Mikel Biainek, egun, inoizko zor biziaren maila baxuenetan dagoela erantsiz. Zentzu horretan, udaletxea hartu zutenean baino zor txikiagorekin utziko dutela esan zuen. Kiroldegiaren eraberritze lanei ekiteko 4,7 milioi euroko zorpetzea aurreikusten dutela zehaztu zuen alkateak baina 2018ko diruzaintza gerakin positikoa 3,4 milioi eurokoa izan dela aipatu zuen. Lau urte hauetan, herritarren beharrei erantzun zaiela eta balore zehatzeko, egiteko modu jakin batez aritu direla esan zuen Mikel Biain alkateak.

  Gizon-emakumeen parekidetasuna sustatze aldera hainbat ekimen martxan jarri direla ere gogoratu zuen alkateak: Berdintasun departamentua edo Selma Huxley beka sortu dira, Jabetze eskola martxan jarri da eta Emakume kontseilua eratzeko prozesua abian da.

  Orain arte lana egin den arren, egiteke asko dagoela aipatu zuen alkateak, lan asko, Oñati herri kohesionatuagoa izan dadin, kultura ezberdineko jendea elkarrekin hurbilago bizi dadin, gazteak lehenago emantzipatzeko aukera izan dezaten, edota helduaro duin  eta aktiboagoa duten herritarrez osatzeko. Ahalegin horretan, etorkizunari baikor eta irribarretsu begiratzen diotela esan zuen alkateak.

  Prentsaurrekoan, egungo udal gobernu taldeko kideekin batera, EH Bilduko hautagai Izaro Elorza eta Xabier Igartuak parte hartu zuten. Elorzak, orain arteko lanari jarraipena emateko asmoa azaldu zuen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!