Oñatiko udala

2013an, irailaren 9a, Arantzazuko Ama Birjinaren eguna izango da Oñatiko jai egun ofiziala.

2012/06/20
San Migel eguna, domeka izango da datorren urtean.

  Gaia tokiko gobernu batzarrean aztertu zen baina erabakia, udal plenoak hartuko du datorren astean, halakoak, Osoko Bilkurari baitagozkio. Herriko jai eguna irailaren 29a, San Migel eguna izaten da gurean. Baina 2013an domeka izango denez ohiturari jarraituz, irailaren 9a izatea proposatuko da, alegia, Arantzazuko Ama Birjinaren eguna. Datorren urtean astelehena tokatuko denez, iraileko lehen asteburua pitin bat luzatzeko aukera emango du horrek.

  Tokiko jai egunek, egutegietan gorriz agertzen diren jai egun ofizialen izaera berbera dute, eta errekuperatu behar ez diren jai egunak dira. Hori teorian behintzat, lan egutegia aldakorra izaten baita enpresaren arabera. Baina bertako langileek, halako egun seinalatuetan lan eginez gero beste egun bat jai hartzeko eskubidea dute.
Tokian tokiko jai egunaz gain, probintzia mailakoa ere hautatzen da, Gipuzkoan San Inazio eguna eta horrela, Eusko Jaurlaritzak autonomia erkidego osorako zehaztu zuen 2013ko jaiegunen egutegia osatzen da, 13 jai egun ofizial guztira.

  Hilaren 4an Euskal Herriko aldizkari ofizialean argitaratu zen jaiegunen egutegi horren arabera, datorren urtean, uztailaren 25a, Santio eguna, jai egun ofizial izango dela berriro.

  Osoko Bilkurak udal gobernu taldearen proposamena onartuz gero, eta hala izango da seguruenik, Gipuzkoako Justizia, Ekonomia, Lan eta Gizarte Segurantza Ordezkaritzari jakinaraziko zaio, 2013ko irailaren 9a, Oñatiko enpresetan, errekuperatu beharrik ez duen jai eguna izan dadin.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!