Zer da?

  

Laburrean esanda…

Oñatiko udalak, herritarrei aukera eman nahi die diru-publikoaren zati bat zertan inbertitu pentsatu eta erabakitzeko.

“Partaidetzazko Aurrekontuak 2023-2024” izena du parte-hartze prozesu honek, eta Udalbatza osatzen duten alderdi politiko biek (EHBILDU eta EAJ/PNV) adostutako ekimena da.

Adostasun politikoz hala erabakita ekimen honen bidez 500.000 € bideratuko oñatiarrek proposatu eta aukeratzen dituzten proiektu edo egitasmoak hurrengo bi urteetan (2023 eta 2024) gauzatzeko.

Lehen fasean, maiatzean zehar, Oñatik dituen beharrak adierazi eta horien araberako proposamenak aurkezteko aukera izango du edozein herritarrek. Oñati hobetzeko askotariko proposamenak egin ahalko dira: kultura, mugikortasuna, ingurumena, berdintasuna, hirigintza, gazteria, kirola, etab.

Ekainean, bigarren fase batean, jasotako proposamen guztiak aztertu eta lehenetsiko dira, eta proposamen izatetik proiektu izatera igaro.

Aurrera egiten duten proiektuen bideragarritasun tekniko, juridiko eta ekonomikoaren balorazioa egingo da uztaila eta irailean zehar, hirugarren fasean.

Azkenik, bideragarri diren proiektuak bozketa fasera igaroko dira, 2023 eta 2024an exekutatuko direnak zeintzuk diren erabakitzeko.

Bozketako emaitza loteslea izango da. Hau da, partaidetza prozesuaren honen amaieran, herritarrek erabakitako proiektuak 2023 eta 2024 urteetan gauzatzeko konpromisoa hartu dute EHBILDU-k eta EAJ/PNV-ek 2022ko apirileko Osoko Bilkuran. Izan ere, Udalak 2022ko azaroan-abenduan hurrengo urteko aurrekontuak prestatuko dituenerako, herritarrek egindako proposamenak bozketa fasera iritsita egongo dira eta horiek aurrekontuetan txertatzeko konpromisoa hartu dute bi alderdi politikoek.

Udal aurrekontu orokorrak

Urtearen amaierarekin batera, hurrengo urterako aurrekontuak prestatzen hasten dira udalak. Hauek oinarri hartuta definitzen dira urteko plangintza eta bultzatuko diren ekimen eta proiektuak.

Labur esanda, aurrekontu orokorrak udaleko dokumentu ekonomiko nagusia dira eta bertan urte horretarako aurreikusten diren diru-sarrera eta gastuak islatzen dira. Hots, udalak kudeatzen duen diruaren jatorria eta zertarakoa zehazten dira. Hala, diru sarreren aurreikuspena oinarri izanda eta udalaren osasun ekonomikoa aintzat hartuta, urte horretan zenbat diru, udaleko zein sailek eta zertan gastatuko den zehazten da.

Udal aurrekontuek urte natural bateko iraupena izaten dute, urtarrilaren 1ean hasi eta abenduaren 31a arte.

Oñatiko udalaren gastuen atala 20 milioi €-koa izaten da gutxi gorabehera. Aldizkako izaera duten edota errepikakorrak diren gastuen ondorioz, gastuen atalaren zatirik handiena ia lotuta egoten da. Gutxi gorabehera, gastuen atalaren zenbatekoaren % 10ean eragiteko aukera izaten da.

Partaidetzazko aurrekontuak

Udal aurrekontuak tokiko politika ekonomikoaren lehentasunak islatzen dituen tresna izanik, eragin handia dute komunitatean eta herritarren bizi baldintzetan. “Partaidetzazko Aurrekontuak” prozesuek gastu publikoaren inguruko eztabaidan eta erabakian udal ordezkariez gain herritarrek ere parte hartzea ahalbidetzen dute. Ekimen honek herritarrei udal aurrekontuaren zati batean eragiteko aukera ematen die.

Partaidetzazko Aurrekontuen esperientzia mordoa dago munduan zehar eta gure inguruan ere asko ugaritu dira denbora oso gutxian, ezaugarri eta ezarpen modu ezberdinekin. Horregatik, esperientzien zaku horretan mota askotariko prozesuak aurki daitezke.

Aurten ere, Udalbatza osatzen dute bi alderdi politikoek (EHBILDU eta EAJ/PNV) horrela adostuta, Udalak 2023 eta 2024 urteetako udal aurrekontuetako 500.000 euro herritarren esku utziko ditu Oñati hobetzeko zertara bideratu erabakitzeko. Udal aurrekontuaren zati bat eztabaidagai eta erabakigai jartzeko partaidetza prozesua maiatzean hasiko da eta irailean bukatu.