Topagunia
Emakumion Etxetik Topagunea antolatu genuen azaroak 25ean, indarkeria matxisten kontrako egunean. Erasoen aurrean sareak ehundu! aldarria izan dugu aurtengo lema.
Gure topaguneek emakume artean saretzeko balio digute: indarkeriari aurre egiteko ezinbestekoak dira sareak. Plazan elkartu ginen eta artisau lan ezberdinak partekatu genituen, gure aldarrikapenekin kartelak egin genituen, kakorratzez egindako pankarta Etxeko balkoitik zintzilikatu genuen eta, batez, ere sareak ehundu genituen. Askotariko emakumeak elkartu ginen atzo: Jabetze Eskolako kideak, emakume sortzaileak, Etxekideak eta eragile feministetako kideak.
Indarkeria jasateko aukera gehiago ditugu emakumeok sarerik ez dugunean; herriko komunitateetan sustraituta egoteak babestu egiten gaitu eta ahalduntzeko aukerak biderkatzen ditu: auzotar-komunitate, eskola-komunitateak, kirol elkarteak, kultur-taldeak, enpresa batzordeak, kuadrillak edota emakumeentzako jabetze eskolak aukera paregabea dira isolamendua ekiditeko, sarea sortzeko, indarkeriatik babesteko. Baina, nork osatzen dute komunitate horiek? Nor uzten dugu bazterrean? Besteak beste, adineko emakumeak, landa-ingurune sakabanatuetan daudenak, desgaitasuna duten emakumeak, atzerritik etorritako emakumeak eta bestelako baldintza gutxietsiak dituztenekin zein jarrera dugu? Emakume horiek babesteko modu onena da gure komunitateko ateak eurei ere irekitzea.
Emakumion Etxetik sinesten dugu komunitateak emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzen lagun dezakela. Oñatin ditugun komunitate txiki horiek guztiek, banan-banan, euren aukera eta zailtasunetatik, berdintasunean oinarritutako harreman-inguruneak sortzeko konpromisoa hartzen badugu, indarkeriazko jarrerak prebenituko ditugu. Berriro diogu: auzokide, elkarte, enpresa edo lagun arteko harremanetan giltza bat dugu: indarkeria-egoerak gertatzen ari direla jakiteko. Egoera horien inguruko informazioa heltzen zaigun aldiro, emakume bat babesteko aukera daukagu eta gure esku dago aukera hori baliatzea. Nola? Emakumea entzunez, sinesten dugula adierazita eta epaitu barik.
Bide horretan erreferentziazko baliabide publiko berri bat izango dugu udaberritik aurrera Oñatin: Emakumion Etxia. Lau printzipioren baitan herri osoari ekarpena egitera dator: begirada komunitarioa, feminista, ahalduntzailea eta intersekzionala.
Indarkeria matxistari aurre egitea izango da Etxiaren helburu nagusietako bat. Nola egingo du hori? Indarkeriari aurre egiten diogun emakumeak izango gara protagonista; baina, Etxian, protagonistak bezain garrantzitsuak izango dira bidelagunak. Oñatiko komunitate txiki horietan guztietan (eskolan, elkarteetan, enpresan, familian, lagun-taldeetan) indarkeriari aurre egiteko konpromisoa hartu nahi duen herritar oro Etxekide izango da.
Elkarrekin eraikiko dugu Etxia. Izan parte!