Topagunea

Ekainaren 11an ospatu genuen Emakumion Etxia Eraikitzen prozesuko Topagunia, Eltzian.
Ikasturte amaierako hitzordua izan zen eta bere helburuak izan ziren egindakoa eta egin nahi duguna partekatzea, elkarrekin egotea, ikasturteko talde-lana baloratzea eta, azkenik, ospatzea.
50 bat emakume eta gizon gerturatu ziren Eltziara eta bi orduko saio emankorra izan zen.
Etxia irudikatu genuen, bere baitan arituko diren askotariko pertsona eta egoerak imaginatu; parte izan eta parte hartu genuen, bakoitzak bere onena eskainiaz; ikasturteko talde-lana positiboki baloratu genuen eta, ikasturte amaierara heldu garela ospatzeko topa egin genuen!
Aurkezpena irudimentsua izan zen, Talaiakidiek errezitatu zuten eta Leire Zubia ilustratzaileak collagea egin zuen zuzenean. Hitzak entzun eta irudiak ikusiaz, Etxia errealitatean nolakoa izan zitekeen irudikatu genuen.
Ondoren, gogoetarako tartea hartu genuen eta horretarako, begirada bera partekatzen zutenak elkarrekin jarri ginen. Orotara 7 talde sortu ziren: emakumeen ahalduntzearen ikuspegia, ikuspegi feminista, lgtb+ ikuspegia, kulturarteko ikuspegia, ikuspegi antiarrazista eta gizonen ikuspegia. Zubigileen taldeak dinamizatu zituen taldeok eta ahotsak entzun eta jasotzen jardun zuten. Bi galderen bueltako gogoeta egin zuten taldeek: zer eskaini ahal digu Etxiak? Batetik, eta, zer eskaini diezaiokegu Etxiari? Bestetik.
Era berean, etxeko lan-taldeetan parte hartu dutenek ikasturteko balorazioa egin zuten. Balorazio positiboa egin zuten: eraikuntza prozesua ahalduntzailea izaten ari dela partekatu zuten eta prozesura bakarrik gerturatu baziren ere, egun, taldean ateratzeak indartu egiten dituela aipatu zuten.
Itxiera eman aurretik, egoteko eta ospatzeko tartea izan genuen. Mokadu-janaren bueltan eta Saltserek jarritako musikarekin, Etxeko komunitatean egoteko momentu polita izan zen.
Ikasturte bat gehiago egin dugu Emakumion Etxia Eraikitzen, komunitatea sortzen, emakumeon ahalduntzerako urratsak ematen, Oñati feminismotik eraldatzen eta askotariko begiradak gure praktika eta pentsamenduan barneratzen.
Eskerrak eman nahi dizkiegu topagunea posible egin zuten guztiei:
Errezitatzen: Talaiakidiak
Collagea: @leirezubia
Talde-dinamikan: Zubigileak
Musikan: Saltserak
Mokadu-jana: @eltzia_onati
Argazki eta bideoan: @itziar_bastarrika