Oñatiko udala

Zabalik dago Oñatiko Udala Grant beka eskatzeko epea

2021/01/11
Card image cap
Oñatiko herriari ekarpena egiten dioten ikerketa proiektuak sustatu nahi dira

  Oñatiko Udala Grant izeneko bekaren deialdia egin dute Udalak eta Lege Soziologia institutuak, bosgarren urtez, 2016an sinatu zuten lankidetza hitzarmenaren babesean. Oñatiko herriari ekarpena egiten dioten gizarte zientzien eta zuzenbidearen alorreko ikerketa proiektuak sustatzea da helburua.

  Tokiko autogobernuaren, hiritartasun aktiboaren edota naziogintzaren alderdi sozio-juridikoak aztergai dituzten ikerketa proiektuak aurkeztu daitezke. Doktoretza azterlanak ere proposatu daitezke, beti ere, aipatu hiru gaietakoren batekin lortura badaukate. Oñati Udala beka 4.000 eurokoa da. Eskatzaileak Oñatiko Lege Soziologia Masterreko ikasle izandakoak edo une honetan direnak izan daitezke, edota Lege Soziologia Institutuarekin harreman estua duten ikerlariak. Hala, beka eskuratzeko, proiektua garatu eta aurkezterakoan Oñatin bizitzen egotea eskatzen da.

  Beka eskatzerakoan, ikerketa proiektuari buruzko xehetasunak jasotzen dituen 2-5 orri arteko plana aurkeztu behar da, laburpena, bibliografia, hautagaien curriculuma eta behin-behineko aurrekontu eta kronogramarekin batera. Eskaerak aurkezteko azken eguna otsailaren 26a izango da. Eskaera, Lege Soziologia Institutuaren web atariko formularioa beteaz egin behar da. Erabakia, martxoan zehar hartu eta jakinaraziko da eta lanak, irailaren 7rako bidali beharko da Lege Soziologia Institutura. Ikerketa amaitutzat emateko, zientzia artikulu bat prestatu beharko da gutxienez, eta institutuak izango du egindako ikerketa argitaratzeko lehentasuna.

  Maider Zilbeti ikertzaile donostiarrak jaso zuen iaz beka eta Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideak eta Printzipio Gidariak Oñatiko enpresetan izeneko lana osatu zuen. Pandemia dela-eta arazoak izan zituen informazioa eskuratzeko eta bi hilabeteko luzapena eman zitzaion lana aurkezteko. Abenduan egin zuen Kultur etxean.

  Oñatiko udala Grant beka aurten nori edo nortzuei emango zaien martxoan jakinaraziko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!