Zabalik dago garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako udal dirulaguntzak eskatzeko epea
Eguneratu egin du Udalak garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako dirulaguntzen arautegia eta lau laguntza lerro biltzen dira egun deialdi honen baitan, hegoaldeko herrialde pobretuetan lankidetza proiektu estrategikoak eta ekintza edo ekimen puntualetarako dirulaguntzak berezitu baitira. Bestela, Oñatin heziketa eta sentsibilizazio jarduerak egiteko eta larrialdietarako eta ekintza humanitarioetarako laguntza lerroak jaso dira. Bakoitzak diru partida jakin bat eta eskaerak egiteko epe berezia dauka.
Hegoaldeko herrialde pobretuetan lankidetza proiektu estrategikoak garatzeko laguntzetara 79.000 euro bideratuko ditu aurten udalak. Beste 30.000 euro gorde dira berriz, lankidetzatzako ekintza edo ekimen puntualetarako. Eskatzailearen egoitza nagusia edo legalki osatutako ordezkaritza Oñatin egon behar da eta tokian tokiko bestaldeko erakunde edo kide bat, hau da, koparte erakunde bat izan beharko du. Gainera, eskatzaileak irabazi asmorik gabeko izaera juridikodun erakundea dela egiaztatu beharko du eta lankidetza alorrean eskarmentua baduela erakutsi beharko du, azken bi urteetan egindako jardueren memoria aurkeztuta. Eskaerak, udalak hartarako prestatu dituen inprimaki ofiziala beteaz aurkeztu behar dira maiatzaren 27ra bitartean. Iaz, proiektu estrategikoetarako edo ekintza puntualetarako bereizketarik egin gabe, 22 egitasmo aurkeztu ziren garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako dirulaguntzetara eta guztiak diruz babestu zituen Udalak.
Oñatin eraldaketa sozialerako heziketa eta sentsibilizazio jarduerak egiteko dirulaguntzak ere eskatu daitezke jada, baina epea, kasu honetan, luzeagoa da, abuztuaren 31ra arte. Garapen bidean diren herrialdeekiko eta hango herritarrekiko elkartasuna eta kontzientzia Oñatin sustatzea da dirulaguntza lerro honen helburua. Dirulaguntza hauetarako 3.000 euroko partida gorde da.
Azkenik, larrialdiko edota laguntza humanitarioko egitasmoak finantzatzeko dirulaguntzetara 18.000 euro bideratuko dira. Ez usteko larrialdiak noiznahi gertatu daitezkeenez, eskaerak egiteko epea zabalik izango da azaroren 1a arte. Larrialdirako laguntzez ari garelarik zera ulertu behar dugu, gerra auzi edota bestelako hondamendi batek eragindako pertsonen biziraupena bermatu edota hauen sufrimendua arintzeko premiazko eta berehala burutu beharreko egitasmoetara bideratutako laguntzak. Aipagarria da, diru atal hau 6.000 eurotan jaso duela aurten Udalak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!