Urrutxuko ekarpen gunean bilduko da Debagoieneko artilea, ekainaren 21ean

2023/06/05
Card image cap
Artilea eraman aurretik ordaindu beharko da zerbitzua, artaldearen tamainaren arabera

  Artilea arazo bihurtu da azken urteetan artzainentzat. Garai batean zuen balioa galdu du erabat eta berrerabilera txikia duenez inork ez du hartu nahi. Lurgintza, Abelur eta Gipuzkoako Landa Garapena Elkarteen Federazio Landaola elkarteak elkarlanean antolatu dute Gipuzkoako artile bilketa programa. Bilketa zerbitzua ahalik eta modu sinple eta merkeenean egiteko prozedura landu eta adostu dute, baina ordainpekoa izango da, aurten ere. Gipuzkoan zazpi bilketa puntu zehaztu dira eskualdeka; Azpeitian, Idiazabalen, Elgoibarren, Asteasun, Oiartzunen, Berastegin eta Oñatin egingo dira bilketak hiru astetan, ekainaren 12tik uztailaren 3ra.

  Debagoieneko artzain eta baserritarrek, Urrutxuko ekarpen gunera eraman beharko dute artilea, ekainaren 21ean. Aurrez, telefonoz deitu beharko dute zenbaki honetara: 696 433 602. Bertan jakinaraziko zaie zein ordu eta tokitan entregatu beharko duten artilea. Artzainak bere izen-abizenak, helbidea eta NAN zenbakia eman beharko ditu eta azken erroldan zuen ardi kopurua ere bai, zerbitzuaren ordainketa kopuru horren arabera egin beharko baita.

  Ordainketa Rural Kutxako kontuan (ES50 3008 0152 6549 2039 5821) egin beharko da, artzainaren izen-abizenak eta baserriaren izena zehaztuz eta tasa, ardi kopuruaren arabera egin beharko da, esan bezala; 50 ardi edo gutxiago dutenen tasa, esaterako, 38,25 euro izango da eta 700 arditik gora dutenena, 421,60 euro. Artilea eramateko tasa merkatuz doa ardi kopurua handituz doan heinean. Baina ordaindu beharreko tasa ere jakinaraziko da telefonoz deitzerakoan. Ordainagiririk aurkeztu ezean ez da artilerik jasoko.

  Gipuzkoan batzen den artilea Nafarroara eramango da.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!