Unibertsitatera sartzeko azterketara aurkeztu ziren 67 oñatiarretatik 65ek gainditu dute

2020/07/15
Card image cap
Gainditu ez dutenek ez zuten behar

  Ez ohiko ikasturte honetan uztaila hasieran bete da unibertsitatera sartzeko hautaproben lehen deialdia. Emaitzak atzo eguerdian jaso ziren eta azterketak egitera Oñatitik Eibarra joandako 67 ikasleetatik 65ek gainditu dute. Bik ez dute eskatutako gutxieneko maila eman baina, egia esan, ez zuten selektibitatea gainditu beharrik hautatutako ikasketak egin ahal izateko.

  Oñatiko ikasleen aprobatu portzentajea % 97 izan da lehen deialdi honetan, EAEko bataz bestekoa baino pitin bat txikiagoa. Urteroko urduritasunari, musukoa jantzita izan beharraren deserosotasuna batu behar izan zaio, aspaldiko partez luzeen egin den ikasturteko selektibitate proba honi. Aipagarria da dena den, proba malgutze aldera, unibertsitatera sartzeko ebaluazioa berrantolatu egin dela aurten, eta azterketa bakoitzeko A eta B aukeretako galderak modu ordenatuan nahasteko aukera eman zaiela ikasleei.

  Unibertsitatera sartzeko hautaprobak gainditu dituzten Oñatiko ikasleek  emaitza onak lortu dituzte orokorrean, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan adierazi digutenez. Orain ikusi egin beharko dute notek ikasi nahi duten unibertsitate graduan izena emateko aukera ematen ote dieten, selektibitatea gainditzeak ez baitu hori bermatzen.

  Uztailaren 6tik 8ra egin zen lehen deialdira Oñatin bigarren batxilergoa amaitu duten ia ikasle gehienak joan ziren. Bakarra geratu zen selektibitatea bigarren deialdian egiteko. Horrek, datorren astean izango du azterketaldia, uztailaren 20tik 22ra. Baliteke oraingoan gainditu ez duten bi ikasleak ere berriro aurkeztea, berez, esan bezala, hautatutako ikasketak egiteko beharrik ez duten arren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!