Udaleku irekietan begirale izateko izen-ematea apirilaren 6tik 14ra bete beharko da
Unean uneko osasun egoerak aldaketak eragin baditzake ere, udaleku irekiak prestatzen hasi dira Udaleko Haur eta Gazteria departamentuan; familien kontziliazio egoeran laguntzeko eta haurrei merezitako uztaila eskaintzeko proposamena lantzen hasi dira. Udaleku irekiak, ekainaren 28tik uztailaren 23ra izango dira aurten, nahiz eta begiraleei hilabete osorako kontratua egingo dien udalak. Udalekuetan 2009tik 2017ra bitartean jaiotako haurrek parte hartu ahal izango dute eta goizero, 9:00tatik 13:00ra izango dira, iaz sartu zen aldaketari jarraipena emanez.
Udaleku irekietan begirale aritzeko oinarrizko baldintzak hiru dira: eskola graduatua izatea, EGA, C1 edo 3. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara maila izatea eta sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa izatea. Hortik aurrera, aisialdi monitore gisa edota akademikoki duten formazioa eta lan-eskarmentua bereziki baloratuko dira. 4. hizkuntza eskakizunaren maila izatea ere kontutan hartuko da. Eskatutako baldintzak betetzen direla eta baloratzen diren formazio eta lan esperientzia agiri bidez egiaztatu beharko da eskaera orria aurkezten denean.
Udaleku irekietan begirale izateko antolatzaileek zehaztutako prestakuntza saioetara joan beharko da, tartean, Covid-19aren gaineko formazio saiora. Formazio saio horiek ere ordainduko dira eta horregatik, kontratua hilabeterako egingo zaie, ekainaren 28tik uztailaren 28ra.
Udalekuetako begirale izateko oinarriak udaleko web atarian ikusgai daude eta eskaera orriak ere bertatik deskargatu daitezke. Bestela, HAZ bulegoan eskuragarri egongo dira, eskaerak bertan, HAZ bulegoan aurkeztu beharko direlarik apirilaren 6tik 14ra bitartean. Gogoratu, aurrez hitzordua eskatu behar dela 010 doako telefono zenbakira deituta.
Udaleku irekietan parte hartu nahi duten haurren izen-ematea berriz, apirilaren 19tik 30era egin beharko da. Aurten gainera, udalekuetan plaza mugatuak egongo dira eta daudenak baino haur gehiagok izena emanez gero zozketa egingo da. Udaleku irekiak bai baina arte udalekurik ez da egingo aurten. Arte udalekuetako jarduna barrualdean izaten da nagusiki, distantziak mantentzeko espazio handia beharko litzateke eta egungo egoeran ez da egokiena ikusten. Horregatik, aurten ere ez da arte udalekurik egingo.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!