Udaleku irekiak, arte udalekuak eta uda kanpaina, udako aisialdi eskaintza gaztetxoentzat

2023/03/10
Card image cap
Astelehenean irekiko da izena emateko aukera

  Haur eta gaztetxoentzako udako aisialdi eskaintza prest du Udalak. Astean informazio orriak banatu dira ikastetxeetan eta parte hartzeko izen-ematea astelehenean irekiko da, martxoaren 22ra arte uda kanpainaren kasuan, 24ra arte, udaleku irekietan eta arte udalekuetan. Ekintzak, hiru kasuetan, ekainaren 26tik uztailaren 21era luzatuko dira.

  Udaleko Kirol Zerbitzuek antolatzen duten Udako Kirol Kanpaina bi txandatan banatu da, ohi bezala. Uda kanpainako eskaintza eta izen-emateari buruzko argibideak jasoaz esku-orriak atera dira. Udaleko webgunean ere zintzilikatu da. Izena bi modutara eman daiteke, online kiroldegiko web atarian sartuta edo kiroldegiko harreran. Txanda bakoitzean gehienez 3 jardueratan eman daiteke izena, eta jarduera bakoitzean gehienez 3 ordutegi hautatu daitezke. Plazak banatzeko zozketa egingo da jarduera eta txanda bakoitzean beraz izen-emate ordenak ez du garrantzirik izango.
Martxoaren 28an bidaliko dira zozketen emaitzak emailez, eta martxoaren 29tik apirilaren 5era libre geratzen diren plazak betetzeko aukera egongo da. Zalantzaren bat izanez gero kiroldegira hurbildu edo deitu eta Rosa Lasagabasterrekin berba egin behar da.

  Udaleku irekiak eta arte udalekuak ere ekainaren 26tik uztailaren 21era luzatuko dira baina goizeko ekintzak izango dira, 10:00etatik 13:00etara. Udaleku irekiak 2011-2019 urteen artean jaiotako haurrei zuzenduta daude. Zaina zerbitzua ere eskainiko da, 8:15etatik 10:00etara. Eltzia izango da topalekua aurten udaleku irekietan parte hartzen duten guztientzat.

  Arte udalekuak berriz, Gaztelekuan egingo dira. LH3 eta DBH3 arteko gaztetxoei zuzenduta daude eta marrazkigintza, eskultura, margolaritza eta beste arte adierazpen batzuk landuko dituzte. Plazak mugatuak dira eta, beharrezkoa bada, zozketa egingo da izen-ematea amaitu ondorengo astean.

  Udaleku irekietan edo arte udalekuetan izena emateko bide bakarra online izango da, udaleko webgunean sartuta.
Astelehenean irekiko da gaztetxoen izen-ematea udako aisialdi eskaintzan parte hartzeko. Begirale izan nahi dutenentzat matxoaren 28tik apirilaren 5era izango da izena emateko aukera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!