Oñatiko udala

Udalak, Gaztelekuko hainbat zerbitzu kontratatzeko prozedura abian jarri du.

2014/12/02
Card image cap
Gaia presazkoa denez, interesa duten enpresek 15 eguneko epe mugatua dute proposamenak aurkezteko. Epea, abenduaren 12an amaitzen da.

  Azken urte hauetan Gaztelekuak eskaintzen duen zerbitzua handitu eta zabaldu da. Gazte informazio puntua eta Topalekua ez ezik, egun, sotoan, 0-7 urte arteko haurren eta familien gunea dago eta kuboan, 8-12 urte bitarteko haurrentzat zerbitzua. Kuboan gainera, espazioaren kudeaketatik haratago berezko ekintza programazioa zehaztu eta dinamizatzen da. Bilera gelen erabilera ere tramitatzen da. Guzti horri, orain arte aparteko lizitazio bidez betetzen zen informatika gelaren zerbitzua batu behar zaio. Argitaratu berri den deialdiaren xedea Gaztelekuan kokatzen diren zerbitzu guzti horien kudeaketaz arduratuko den enpresa kontratatu nahi du udalak.

  Lizitaziora aurkezten diren enpresek, gutxienez hiru hezitzaile jarri beharko ditu eta udalarekiko nahiz Gaztelekuko gune ezberdinen arteko zerbitzuak koordinatuko dituen koordinatzailea ere izendatu beharko du.

  Gaztelekuk hainbat zerbitzu kontratatzeko lizitazio deialdian zehazten denez, hezitzaile horiek, gizarte arloko diplomatura edo gradua edota goi mailako lanbide heziketako titulua eta hezitzaile lanetan hiru urteko esperientzia izan beharko dute. Komunikazio-informazio puntua kudeatuko duen hezitzailearen kasuan, komunikazio arloko ikasketak izatea bereziki baloratuko da. Koordinatzaileak berriz, gizarte arloko diplomatura edo gradua izan beharko du.

  Euskararen ezagutzari dagokionean, langileek Europako erreferentzia markoaren C1 gaitasun maila izatea eskatuko da. Izan ere, udalarekiko nahiz erabiltzaileekiko harremanetan euskara lehenetsiko baita.

  Lizitazio baldintzetan, zerbitzuak bete beharreko ordutegi eta egutegia ere zehazten da. Eta zerbitzu gune ezberdinak asteartetik igandera arratsaldez ireki beharko direla azaltzen du. Zuzeneko arreta ordutegitik kanpo ere, Gaztelekuko eraikina asteartetik ostiralera goizeko 11eratik ordubatera ere zabalik dagoela bermatu beharko du enpresa esleipendunak.

  BEZa kanpo delarik, udalak, 127.000 euroko gehienezko lizitazio prezioa mugatu du. Horrek esanahi du, enpresek, horren pareko edo merkeagoa den proposamena aurkeztu beharko dutela.

  Kasu honetan ordea, eskaintza ekonomikoa ez da zerbitzua esleipenean erabakigarria izango, 100 puntutik 20 eskuratzeko bidea emango baitu soilik. Zerbitzuaren proiektuak berriz, 80 puntu lortzeko aukera emango du. Atal honetan, proiektuaren helburu eta oinarritze teorikoak, lan metodologia, herriaren errealitatera egokitutako proposamena eta bestelako hobekuntza proposamenak landu beharko ditu lizitaziora aurkezten den enpresak.

  Hasieran, udalak, urtebetez kontratatuko du Gaztelekuko zerbitzuak kudeatuko dituen enpresa baina bi aldeak ados egonez gero, kontratua beste bi urtez luzatu ahal izango da.

  Lizitaziora aurkezteko interesa duten enpresek abenduren 12ra arteko epea dute proposamenak udal bulegoetan presentatzeko.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!