Udalak antolatzen dituen udalekuetan eta kirol kanpainan begirale aritzeko izen-ematea gaur ireki da

Udalak antolatuta, ekainaren 26tik uztailaren 21era egingo diren Udaleku irekietarako, Arte udalekuetarako eta Udako kirol kanpainarako begiraleak kontratatzeko oinarriak onartu ditu Udalak, eta interesa dutenek izena emateko aukera dute gaur hasi eta apirilaren 5era arte. Udaleko zerbitzu telematikoen bidez eman daiteke izena edo udaletxeko HAZ bulegoan.
Udaleku irekietan begirale aritzeko, 16 urte beteta izan behar dira, eskola-graduatua edo parekoaren jabe eta 2. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara maila izatea eskatzen da. Arte udalekuetarako, Arte Ederretako graduaren lehenengo bi ikasturteak gaindituta izatea eta 3. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara ezagutza izatea eskatzen da. Kirol kanpainari dagokionean, berriz, kirol zerbitzu orokorretarako begiraleak, eta kirol zerbitzu espezifikoetarako begiraleak bereizi dira. Guztiek 2. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara maila izan beharko dute eta zerbitzu orokorretarako, INEF, TAFYD, Hezkuntza fisikoan espezializatutako irakasle ikasketak edo Kirol begirale tituluaren jabe izatea edo ikasten egotea eskatzen da eta zerbitzu espezifikorako, aldiz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo baliokidea izan eta eskalada indoor eta patinajeko begirale lanetan esperientzia izatea. Hortik aurrera, begirale gisa edota akademikoki formazio osagarria eta lan esperientzia izatea meritu gisa baloratuko da, beti ere, agiri bidez egiaztatu beharko delarik.
Udal bulegoetan edo web atarian eskuratu daitekeen eskaera eredua betetzerakoan bestelakorik adierazten ez bada, udalaren esku utziko da nortasun agiria, eskatzen diren titulu ofizialak, hizkuntza eskakizunak, sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa eta lan bizitza egiaztatzea. Baimen hori ematen ez dutenek hala adierazi beharko dute eskaera orrian eta agiriak aurkeztu beharko dituzte. Merituen atalean azaltzen direnak ere agiri bidez egiaztatu beharko dituzte hautagaiek.
Udaleku irekietarako hautatutakoek ekainaren 3an eta 17an egingo diren prestakuntza saioetara joan beharko dute eta gainontzekoek ere prestakuntza eta balorazio bilerak izango dituzte. Horien ordaina kontratuan sartuko da. Izan ere, Udalak hilabeteko lan kontratua egingo baitie hautatutako begiraleei: udaleku ireki eta arte udalekuetakoei ekainaren 26tik uztailaren 26ra eta uda kanpainakoei, ekainaren 22tik uztailaren 21era.
Behin behinean beteko diren begirale lanpostu hauei buruzko oinarriak udaleko web atarian ikusgai daude.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!