Oñatiko udala

Udal artxiboko lau dokumentu zaharberrituko dira

2022/02/23
Card image cap
Perez de Lazarragatarren arteko auziaren dokumentua
Bi udal liburu, Perez de Lazarragatarren arteko pleitu bat eta maiorazko ordenantza bat zaharberrituko dira

  Udal artxiboko dokumentu historikoak ahalik eta egoera onenean mantentzeko zaharberritze lanak egin behar izaten dira. Dokumentuen garrantzia, antzinatasuna, erabilgarritasuna edota egoera kontutan hartuta, hainbat liburu edo banakako agiri eta txostenak zaharberritzen dira urtero. Aurten, XVI. mendeko bi dokumentu eta XVIII. mendeetako beste bi berrituko dira.

  Zaharberrituko diren dokumentuen artean Juan Perez de Lazarragaren eta Maria Perez de Lazarragaren arteko pleitua dago. 126 orrik osatzen duten legajoa da eta horietako askotan, 25 bat orritan, zati batzuk galduta daude xilofagoen eraginez eta modu desegokian gordetzearen ondorioz. XVI. mendeko dokumentua da.

  XVI. mendekoa baita ere baina zaharragoa da, 1531koa, zaharberritzera eramango den Carlos I erregeak berretsi zuen maiorazko ordenantza. 9 orriko dokumentua da. Hezetasunak eragindako orbanak ditu, xomorroek eragindako zulotxoak eta zenbait zati galdu ere bai.

  Zaharberrituko diren beste bi dokumentuak, liburuak dira, 1700-1706 arteko udalaren kontu liburua, batetik, eta 1782-1876 arteko udal karguen izendapena jasotzen duen “libro de elecciones de oficios honorificos de la villa” deritzona, bestetik. Liburu mardulak dira, 300-500 orri artekoak, eta tolesturak, tintak eragindako zartadurak nahiz hezetasunak eragindako orbanak dituzte, besteak beste.

  Dokumentu guztiak garbituko dira, teknika ezberdinak erabiliz, eta egoki kontserbatu ahal izateko tratatuko dira. Zaharberritze lanok Marta Gatell enpresak egingo ditu eta 5.929 euroko aurrekontua dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!