Oñatiko udala

Udal artxiboko lau dokumentu zaharberrituko dira

2021/03/17
Card image cap
Unibertsitatearen eraikuntzari buruzko idazkia (XVI. mendea)
Oñatiko konteari, unibertsitateari eta udalari dagozkion dokumentuak XVI, XVII eta XVIII. mendekoak dira

  Udal artxiboko dokumentu historikoak ahalik eta egoera onenean mantentzeko zaharberritze lanak egin behar izaten dira. Dokumentuen garrantzia, antzinatasuna, erabilgarritasuna edota egoera kontutan hartuta, hainbat liburu edo banakako agiri eta txostenak zaharberritzen dira urtero. Aurten, XVI. mendeko bi dokumentu eta XVII eta XVIII. mendeetako beste bana berrituko dira.

  Zaharberrituko diren dokumentuen artean 1540ko paper sorta da egoera kaxkarrenean dagoena: Sancti Spiritus unibertsitatearen zimenduak egiteko Rodrigo Mercado de Zuazolaren eta herri ordezkarien arteko hitzarmen dokumentua. 12 orriko dokumentu honetan zehazten denez herriaren ardurapean, eta ordainpean, geratu zen unibertsitatearen zimenduak egiteko zanga ireki, egurra, harriak, karea eta area jarri nahiz urrezko 500 dukat ematea. Tinta sepiaz idatzitako dokumentua apurtuta, tinta urdinez zikinduta eta zenbait zati galduta dituela dago. Urradurak, tolesturak, zuloak eta hezetasunak eragindako orbanak ere badauzka.

  XVI. mendekoa baina 28 urte lehenagokoa da Konteari dagokion beste expediente bat, elkarri erantsita dauden lau zatiz osatutako orri luzea da. Zikinkeriaz gain, tolesturak, urradurak eta zati batzuk galduta ditu inguraldean. Antzerako kalteak ditu 1607tik 1625a bitarteko udaleko erregistro liburuak, garaiko akten liburuak.

  Zaharberrituko den laugarren dokumentua unibertsitateko ikasleek 1742tik 1760ra bitartean egin zituzten kurtso eta ikastaroen egiaztatze-liburua da. Dokumentu mardulena da, 417 orrikoa, nahiz eta 30en bat orri galduta dituen eta beste hainbatetan xilofagoek eragindako galerak antzematen diren, gainera, hasierako orriak, 100nen bat, oso hauskor daude.

  Zaharberritze lanok Marta Gatell enpresak egingo ditu eta 4.646 euroko aurrekontua dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!