Udako zaintza zerbitzuan begirale izateko onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratu dira

2020/06/05
Card image cap
Erreklamazioak aurkeztu edo dokumentazioa osatzeko ekainaren 9a arteko epea dago

  144 lagunek eman dute izena udako zaintza zerbitzuan begirale izateko. Onartu eta baztertuen behin behineko zerrenda osatuta, 33 hautagai baztertu egin dira, oraingoz. Horretarako arrazoi nagusia sexu delituengatik aurrekari penalik ez izatearen ziurtagiria ez aurkeztea izan da, baina eskatutako ikasketen ziurtagiria edota indarrean dagoen nortasun agiria ez aurkeztea izan dira begiralegaiak hautaketatik kanpo uztearen beste arrazoi batzuk. Eskatutako dokumentazioa presentatu daiteke oraindik, hartarako epea asteartean, ekainaren 9an amaituko da. Onartu eta baztertuen behin behineko zerrendak udaletxeko iragarki taulan eta oñati.eus web atarian argitaratu dira.

  Oraindik ez da zehaztu zenbat begirale kontratatuko diren udako zaintza zerbitzuan aritzeko. Aurrez udaleku irekietan edo arte udalekuetan izena eman baina baja eman nahi dutenek, gaur dute hori jakinarazteko azken eguna. Geratzen den haur kopuruaren arabera, eta beti ere, osasun jarraibideek agintzen dutenaren arabera, egituratuko da Covid-19a dela eta udalak antolatu duen udako zaintza hezitzaile zerbitzu berri hau eta zenbat begirale beharko diren zehaztuko da. Jakin badakiguna da, udalekuetan 10-12 haurreko taldeak osatu ohi zirela eta kasu honetan,  bosteko taldetan ibiliko direla iragarri da.

  Hautatuak nortzuk diren jakiteko gainera egunak beharko dira, hautagaien baremazioa egin eta puntuazioa jakinaraztea falta baita. Oraingoz, izena eman ondorengo lehenengo urratsa bete da, hau da, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratu da eta alegaziotarako epea zabalik dago datorren asteartera arte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!