Oñatiko udala

Udabaltza berria eratuko da bihar eguerdian

2015/06/12
Card image cap
Mikel Biain EH Bilduko zerrenda burua aukeratuko dute berriro alkate

  Udalbatza eratzeko Osoko Bilkura Berezia, adin mahaiak eta udal idazkariak gidatuta hasiko da. Rafael Kortabarriak eta Kepa Zelaiak osatuko dute adin mahaia, Udalbatzako kide izateko ordezkaritza lortu dutenetatik adinez nagusiena eta gazteena diren aldetik. Lehen lehenik, zinegotzi izango direnen kredentzialak begiratuko dira eta kargua hartuko dute ondoren. Udalbatza eratuta, alkatea aukeratzeko bozketa egingo da.

  Ez da ez ustekorik espero eta Mikel Biain hautatuko dute berriro alkate. Berak ordezkatzen duen EH BILDU koalizioak, 10 zinegotzi lortu zituen maiatzaren 24ko hauteskundeetan, hau da, berez, 17 kidez osatutako dagoen Udalbatzan erabateko gehiengoa. Biainek koalizioaren 10 botoak eskuratuko ditu, jeltzaleek beren hautagaiaren aldeko botoa emango dutela jakinarazi baitigute. Bozketan beraz, Miren Elgarrestak alderdikideen 7 botoak jasoko ditu. Bozketa eginda Mikel Biainek alkate txibita eskutan hitz batzuk egingo ditu.

  Mikel Biain, demokrazia garaian Oñatik izan duen alkate gazteena bihurtu zen orain lau urte. Gazteena eta lehen alkate ez jeltzalea ere bai. Bigarren legealdia izango duen honetan, Biainek, udal arduretan guztiz berriak diren 11 lagun izango ditu Udalbatzan.

  Zinegotzien izendapen ofiziala eta alkatearen aukeraketa egingo da biharko Osoko Bilkura Berezian. Hurrengoan jada, udal batzordeak zehaztuko dira eta bakoitzean arituko diren partaideak izendatuko dira. Legearen arabera, guzti hori zehazteko hurrengoko Osoko Bilkura 30 eguneko epean egin behar da.

  Udalbatza berria eratu eta alkatea aukeratzeko bilkura eguerdiko 12etan hasiko da. Batzar hauek irekiak dira eta biharkoan, Udal Pleno Aretoan jende asko izatea espero da

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!