Uda kanpainan kirol begirale izateko izen-ematea zabalik dago, ekainaren 1a arte

Kirol zerbitzuek antolatzen duten uda kanpainan parte hartzeko izen-ematea gaur amaitzen den arren, larunbatean ireki zen eskaintza horri aurre egiteko kirol begiraleak hautatzeko prozesua. Aldi baterako kirol begirale izan nahi dutenek ekainaren 1a arteko epea dute izena emateko.
Uda kanpainan eskaini diren kirolak oinarri hartuta zerbitzu orokorrak eta espezifikoak berezitu dira. Eskalada indoor eta patinajea kirol zerbitzu espezifikoen atalean jaso dira eta halakoetan begirale gisa aritzeko formakuntza espezifikoa edo esperientzia izatea eskatzen da. Baina orokorrean, udalak aldi baterako beteko dituen kirol begirale lanpostu hauetara aurkeztu ahal izateko, 16 urte beteta izatea, kirolarekin erlazionatutako formakuntza akademikoa izatea eta euskarari dagokionez B2 maila izatea eskatzen da. Gainera, ia ohiko bihurtu den sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa ere aurkeztu beharko da, gehienez ere, 3 hilabeteko aurretiaz emandako agiria.
Udalak bere aldetik, ekainaren 28tik uztailaren 23ra arteko lan kontratua eskaintzen du. Hilabete eskaseko tarte horretan bete beharreko lanaldia, udalak ezartzen duen zerbitzuaren araberakoa izango da. Halaber, tenis, mini-tenis, patinajea, eskalada, mountain bike eta baso eskolako begiraleek 3-6 ordu bitarteko formakuntza saioa egin beharko dute uda kanpaina hasi aurreko astean. Saio horietan parte hartzea derrigorrezkoa izango da. Era berean, ekainaren 16 eta uztailaren 23an egingo diren bileretan parte hartu beharko dute; lehenean zerbitzua antolatuko da eta bigarrenean kanpainaren ebaluazioa egingo da.
Uda kanpainan kirol begirale gisa lan egiteko interesa dutenek eskaerak udaletxeko HAZ bulegoan aurkeztu behar dituzte, aurrez hitzordua eskatuta, edota erregistro elektroniko bidez ere bai. Eskaera orriarekin batera nortasun agiriaren kopia, eskatzen den ikasketa tituluaren fotokopia, eskaeran aipatzen diren meritu guztien egiaztagiriak, euskara mailaren egiaztagiriaeta sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa aurkeztu behar dira. Jasotzen diren eskaera guztiak baloratzerakoan formazio akademikoa, prestakuntza ikastaroak, lan-esperientzia eta Oñatin erroldatuta egotea hartuko dira kontutan.
Gaur amaitzen da, bestalde, uda kirol kanpainan parte hartu nahi duten haur eta gaztetxoen izen-ematea.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!