Oñatiko udala

Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergaren kobrantza hasi da gaur

2021/03/01
Card image cap
Zerga tipoak jaso dira aurten, eskualdeko bata bestekora parekatzen joateko

  Ibilgailuen gaineko zerga ez ezik, ondasun higiezinei aplikatu ohi zaiena eta jarduera ekonomikoen zerga garestituko dira aurten, urriaren 15eko Osoko Bilkuran gehiengoz erabaki zenez. 2021eko ordenantza fiskalak zehazteko irizpide orokorra udal zerga eta tasak bere horretan mantentzea izan zen, aipatu hirurak izan ezik. Era berean hainbat hobari aplikatzea onartu zen.

  Aurten jasoko diren ibilgailu, ondasun higiezin eta jarduera ekonomikoen gaineko zerga kalkulatzeko tipoak aldatzea erabaki zen, Debagoieneko bataz bestekora gerturatuz. Ibilgailuen kasuan aplikatu den koefizientea 2,27tik 2,4ra jaso da. Horrek, 12-14 zaldi fiskalen arteko turismoen tarifa 7 bat euro garestitzea ekarri du, 14-16 artekoena 11 euro inguru, 16-20 artekoena 14 bat euro eta 20 zaldi fiskaletik gorakoena 17 bat euro, gutxi gora behera. Udalak aurten 930.715 euroko sarrera izango du trakzio mekanikodun ibilgailuei aplikatu ohi zaien zerga kontzeptuan. Iaz baino 33.220 euro gehiago. Oñatiko ibilgailuen erroldan 8.016 ibilgailu daude une honetan, iaz baino 31 gehiago.

  Trakzio mekanikodun ibilgailuen erroldan ohiko turismoez gain, kamioiak, autobusak, motorrak eta ziklomotoreak sartzen dira. Baita, zirkulazio zerga ordaintzetik kanpo geratzen diren nekazaritzako ibilgailu, erremolke txiki,  ezinduen jabetzapekoak diren ibilgailuak eta 30 urte baino gehiago duten ibilgailu historikoak ere. Hobaritu berriz, familia ugarien ibilgailuak hobaritzen dira. Hobari hau familien diru sarrerak eta seme-alaben kopuruaren arabera aldatzen da; taula, aurten eguneratu da eta hobaria jaso nahi duten familiek eskaera berritu behar izan dute.

  Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergaren ordainketa helbideratuta duten 6.504 ibilgailuen jabeei kargua ostegunean, martxoaren 4an egingo zaie eta ordainketa jakinerazpena euren aurrezki kutxa edo banketxetik bidaliko zaie. Gainontzeko jabeek, udaleko jakinerazpena zuzenean jasoko dute datozen egunetan, ordainketa non eta nola egin zehaztuz. Trakzio mekanikodun ibilgailuen udal zerga ordaintzeko borondatezko epea ia bi hilabetez luzatuko da, apirilaren 26ra arte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!