Oñatiko udala

Trafiko mozketak izango dira bihar 15:00ak inguruan, Espainiako Vuelta Oñatitik pasatzea dela eta

2020/10/19
Card image cap
Txirrindulariek Udanatik Elorregira joango dira

  Vueltako txirrindulariak, GI-2630 errepidea jarraituz,Udanatik San Prudentziora eta handik Arrasatera zuzenduko dira. Etapa Irundik 13:10tan abiatuko da eta Udanara 15:30 eta 15:45 tartean iristea aurreikusten dute antolatzaileek, beti ere, txirrindularien abiaduraren arabera.

  Errepidearen segurtasunaz eta bidegurutzeak zaintzeaz Udaltzainak, Ertzainak eta boluntarioak arduratuko dira. Tropela Udanara iritsi baino ordubete lehenago hasiko da zaintza lan hori. Udaltzainak herri guneko bi errotonda nagusiak zaintzen egongo dira, Bidaurretakoa eta Roke Azkune ondokoa.  Hortik aurreragoko bidegurutzeak Ertzaintzak eta boluntarioek zainduko dituzte.

  15:00-15:15tatik aurrera, Vueltako ibilgailuak pasatzen hasi ahala, trafikoa tarteka itxiko da baina lehenengo txirrindularia hurbiltzen doala jakinarazi bezain pronto, errepide mozketa erabatekoa izango da, tropela eta azken txirrindularia pasa arte. Denak batera etorri edo taldeka datozenaren arabera luzatuko da beraz, errepide mozketaren iraupena.

  Bihar, 15:00etatik aurrera, GI-2630 errepidea moztu egingo dela kontuan hartzea gomendatzen da Udaltzaingotik, ibilbide alternatiboak hautatuz, edota errepide nagusira irteteko ordutegia aldatuz.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!