Santutegi inguruko aparkaleku guztiak betetzen direnean Arantzazurako errepidea itxi egingo da domekan.

2012/09/06
Autobus zerbitzua indartu egingo da aldi berean ibiliko diren 2 linea jarriz. 9.30tatik 13.30tara autobusak ordu laurdenero irtengo dira.

  Arantzazuko Ama Birjinaren eguna domekan izango denez, Oñatitik nahiz kanpotik etorritako fededun asko espero dira Santutegian. Guztion segurtasuna bermatu eta errepidea oztoporik gabe mantentzearren Arantzazuko aparkalekuak betetzen direnean bidea ixtea erabakia da. Erabakia, iazko izan ziren arazoak gogoan hartu da. Iaz, Arantzazurako bidea erabat kolapsatuta geratu zen, autoak ezin pasa, jendea ibilgailuetan ez gora ez behera harrapatuta eta halakoak sortu ez zitezen jarri ziren autobusak ere mugitu ezinda. Zorionez ordea, egoera korapilatsu horretan ez zen larrialdi edo emergentziarik sortu. Halakorik gertatu balitz ezin zelako anbulantzia edo suhiltzailerik pasa.

  Baina iazko arazo horiek errepikatu ez daitezen esan bezala, udaltzaingoak eta Bergarako Ertzaintzak elkarlanean, Arantzazuko aparkalekuak betetakoak ibilgailu gehiago pasatzen ez uzteko erabakia hartu dute. Errepidea itxi beharko balitz Azkoagain inguruan itxiko da eta ibilgailuak Berezaoko industrialdera bideratuko dira. Auto partikularretan etorri daitezken horiek Arantzazura eramateko autobusa Benediktinen parean geldituko da.

  Izan ere, Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzua indartu egingo da. Bi autobus linea aldi berean ibiliko dira: Batek, Olakua-Kalegoiena-Benediktinak-Arantzazu ibilbidea osatuko du eta besteak, Postetxea-Benediktinak-Arantzazu ibilbidea.

  Bi autobus linea hauek goizeko 7:30etik arratsaldeko 8:30era izango dira zerbitzuan. Goizeko lehen orduan eta arratsaldez, ordu erdiro baina elizkizunetarako jende gehien espero den goiz-eguerdi partean, ordu laurdenero. Hala, goizeko 9:30etik 13:30era, autobusak 15 minuturo irtengo dira Arantzazurantz eta Oñatirantz.
Herritarrei autobusa erabiltzeko deia luzatzen zaie udaletik. Eta kanpotik gonbidatuak espero duzuenoi jakinarazi aparkalekuak betetakoan Arantzazurako bidea itxi egingo dela eta ezin izango dela autoz igo.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!