Oñatiko udala

San Migel jaietako programaren azala irudikatzeko lehiaketa antolatu du berriro udalak

2019/06/20
Card image cap
Lanak aurkezteko azken eguna uztailaren 15a izango da

  Azken bi urteetan enkarguz eskatu zen jai egitarauaren sarrera-irudia sortzea. Aurten, egitarauaren azala irudikatzeko lehiaketa berriro antolatzea erabaki da. Irudi-lehiaketa honetan 18 urtez gorako edonork har dezake parte. Lanetan erabiliko den teknika librea izango da baina derrigorrean, OÑATIKO JAIXAK 2019 idatzia agertu beharko da. Lanen tamaina ere mugatu da eta 50 X 70 zentimetroko neurrian eta formatu bertikalean egin beharko dira.

  Lanak, egilearen sinadurarik gabe aurkeztuko dira. Lan bakoitza identifikatu ahal izateko, atzealdean lema bat eraman beharko dute. Eta lanekin batera, lema berbera daraman sobre itxi batetan egilearen datuak eta NANren fotokopia jaso beharko dira. Lanak Kultur etxean entregatu beharko dira eta horretarako epea, uztailaren 15ean amaituko da, 20:00etan. Sari bakarra emango da, 500 eurokoa, hain zuen. Horrezaz gain noski, aukeratutako lana etxe guztietara zabalduko den jai programaren azalean agertuko da.

  Lanak lehiaketatik kanpo uzteko kasuak zehaztu eta jaso dira bestalde lehiaketa baldintzetan, lehenengoko aldiz. Hala, autorea nor den zalantzan dagoenean, aurkeztutako lana pertsonen duintasunaren kontra doanean edota beste obra batzuen plagiotzat har daitekenean, lana baztertu egingo da. Era berean, aurkeztutako lanen maila nahikoa ez dela erabakiz gero, ez da saririk emango. 

  San Migel Jaietako programaren azala aukeratzeko lehiaketara lanak aurkezteko epea zabalik dago gaurdanik, uztailaren 15a bitartean. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!