Otsaileko auzo alkate foroan zehaztu zen auzo-bideen konpontze plana martxan da.

2014/07/08
Usakora doan bidean izandako lurjausia eta Bustinzurieta-Azkarreta bidea konpontzen ari dira.

  Alkate foroak konpontzeko premiña duten 13 auzo bideren zerrenda osatu zuen. Horiei, beste hiru bide asfaltatzeko lanak batu behar zaizkie. Konponketa eta asfaltatze lanen aurrekontu orokor bat ere zehaztu zen eta guztira, auzo bideetako 2014ko konponketa planak, 125 mila euroko inbertsioa eskatuko luke.

  Konponketa lanak, loteka biltzea erabaki zen. Lehen lotean, Usako, Begiolatza, Antzuelas eta Barrenetxeko auzo bideak konpontzea aurre ikusi da. Lanok, Lurkidek egingo ditu 34.000 euroren truke.

  Bigarren lotean, Erguiña, bustinzurieta-Azkarreta, Etxebarri eta San Julian bideak sartzen dira. Irazola enpresari esleitu zaizkio bigarren lote honetako lanak, ia 9 mila euroren truke.

  Usakora doan bidean izandako lurjausia konpontzeko lanak orain 10 bat egun hasi ziren. Lan hauek aprobetxatuta gainera, bidea irisgarri egiteko lanekin jarraitu eta ez beharren bat gertatuz gero, anbulantzia bat pasatzeko beste egokitzea erabaki da. Hala, garai bateko gurdi-bidea zabaltzen ari dira. Zuazola baserriarekin ziren lur batzuk hartu behar izan dira. Baserrikoekin, kalte ordaina adostu da eta esan bezala, lurjausia konpondu eta bidea zabaltzeko lanetan ari dira.

  Aldi berean, Irazola enpresakoak atzo bertan hastekoak ziren Bustinzurieta-Azkarreta bidea konpontzen.

  Horiek egin ahalaz, hitzartutako beste sei auzo bideak konpontzen jarraituko da. Ondoren, asfaltatze lanak egingo dira.

  Aurtengo auzo bideen konpontze planean, beste hainbat bide egokitzea aurre ikusi zen baina horiek, dauden diru baliabideen arabera egingo dira. Guztira, auzo bideen aurtengo konponketa eta asfaltatze lanek, 125 mila euroko aurrekontua dute.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!