Ostiralean amaitzen da etxebizitzak alokatzeko udalak gazteei eskaintzen dizkien diru laguntzak eskatzeko epea

Iaz 28 eskaera jaso zirela jakinik, azken egun honetan eskaera asko bideratzea espero dute Gazteria batzordetik.
Izan ere, hirugarren urtea baita Udalak, gazteen emantzipaziorako diru laguntza hauek ematen dituela.
Diru laguntzak 18 eta 30 urte bitarteko gazteek eskatu ditzakete, baldin eta, gutxienez, 12 hilabeteko alokairu kontratua badute. Hileko alokairu prezioaren erdia estaltzeko diru laguntza emango da, muga 250 euro hilean izaki. Eskatzailea, edo bizikidetza unitateko kide bat gutxienez, Oñatin erroldatuta egon beharko du, gutxienez 10 urtetan edo azken bi urteetan. Gazteen emantzipaziorako diru laguntzen araudiak eskatzaileen diru sarrerak eta aurrezkiak mugatzen ditu, hala urteko diru sarrera gordinak gehienera 28.000 euro izan daitezke eta kapital errentetatik eratorritako errendimendu gordina berriz, 601 euroren azpikoa.
Alokairu etxebizitzei dagokienean, Oñatin egon beharko dira eta bizigarritasun baldintzak bete beharko dute: erabiltzeko moduan dagoen sukaldea izan beharko dute, gas edota argindarraz hornituak, iturriko ura eta erabiltzeko egoeran dagoen ur bero sistemarekin. Kalerako aireztatzea eta bizikidetza unitateko bi pertsonako gehienez, logela bat. Diru laguntzetatik kanpo uzten dira, sustapen publikoko babes ofizialeko etxebizitzak, logelen alokairuak, etxebizitza gisa erabilitako lokalak eta Bizigune programaren barruan alokatutakoak. Diru laguntza hauetatik kanpo geratuko dira era berean, hilean 550 eurotik gorako errenta duten etxebizitzak.
Diru laguntzak bi zatitan ordainduko da; lehenengo ordainketa ebazpena egin ondoren gauzatuko da eta ordura arte egiaztatutako alokairu gastuen araberako proportzioan egingo da. Bigarren ordainketa berriz, egiaztatze agiri guztiak aurkeztutakoan gauzatuko da. Gazteen emantzipaziorako diru laguntzetara 40.000 € bideratuko dira aurten.
2015ean hasi ziren gazteen emantzipaziorako diru laguntzak ematen. Helburua bikoitza da: gazteei gurasoen etxebizitza utzi eta beren kabuz bizitzeko bidean laguntzea eta herrian, alokairuzko etxebizitzen merkatua sustatzea. Lehen urtean 25 gazteren eskaerak onartu ziren eta iaz 28renak. Aurten zenbat izango diren ikusteko dago oraindik. Dagoeneko 18 jaso dira baina gehiago iristea espero da diru laguntzak eskatzeko epea ostiralean amaituko baita.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!