Oñatiko udala

Oñatiko odol emaileen elkarteak urteko egutegia finkatu du

2021/01/04
Card image cap
Abuztuan autobusa etortzea aurreikusten da eta gainontzeko 11 hilabeteetan odola Enpresagintza fakultatean eman ahal izango da

  2021 urtean 12 odol ateraldi programatu ditu herriko emaileen elkarteak eta egutegian zehaztu ditu. Gauzak ondo, abuztuan elkarteko autobusa etorriko da Oñatira eta gainontzeko hilabeteetan Enpresagintza fakultatean gauzatuko dira odol emateak. Beti ere, unean uneko osasun egoerak eskatzen duen segurtasun protokolo berezia jarraituta. Horrek esanahi du odola eman nahi duenak aurrez hitzordua eskatu behar duela, bi bide daude horretarako: Donostiatik odol emaile direnei zuzenean bidaltzen zaizkien gonbidapenei erantzun eta ordua eskatzea edota gonbidapena jaso gabe odola eman nahi dutenek, edo odola lehen aldiz eman nahi dutenek, odol-emate egunean bertan elkartearen telefonora deitzea ordua eskatuz, hauxe zenbakia: 943 00 78 84.

  2021eko Oñatiko egutegian hileko bigarren ostirala da gakoa, apirilean izan ezik, gainontzeko hilabeteetan, bigarren ostiralez izango baitira odol ateraldiak gurean. Apirilean araua apurtu egingo da, esan bezala, eta, Aste Santuko jaiegunak tarteko, hitzordua, hileko hirugarren ostiralera atzeratu da. Donostiatik propio etortzen den mediku eta erizain taldea Enpresagintza Fakultatera hurbilduko da aurrez zehaztutako egunetan. Odola emateko urteko lehen aukera, lehen hitzordua, ostiral honetan izango da, hilaren 8an, Enpresagintza fakultatean, arratsaldeko 16:30tatik 20:00tara.

  Iaz odola ematera hurbildu ziren guztiak bereziki eskertu nahi dituzte Oñatiko odol emaileen elkartetik. Ez zen urte erraza izan, ezta odola emateko ere; protokolo berezi bat ezarri behar izan zen, hainbat hilabetetan ateraldiak Kiroldegian egin ziren, espazio handiagoa izate aldera, eta emaileek hitzordua eskatu behar izan zuten, esan bezala. Baina erantzuna ona izan zen. Bide batez, odol beharra beti dagoela ere gogorarazi nahi dute elkarteko arduradunek.


Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!