Oñatiko laburmetraien bosgarren rallya, azaroaren 8an egingo da.

2014/10/16
Antolatzaileek aurrez, bideo muntaia tailer laburra emango dute Gaztelekuan.

  Tailerraren helburua, Oñatiko laburmetraien rallyak dituen ezaugarrien arabera formatu egokietan bideoak nola sortu ikasi eta gaiaz izan daitezkeen oinarrizko zalantzak argitzea da. Horretarako, rallyaren antolatzaileek 3 orduko ikastaro praktikoa antolatu dute. Tailerra, datorren astelehen eta asteartean, hilaren 20 eta 21ean egingo da arratsaldeko 7etatik 8 eta erdietara Gaztelekuko informatika gelan.

  Parte hartzeko izena aurrez eman behar da. Izena emateko azken eguna zapatua da eta laburmetraien rallyan parte hartuko duen talde bakoitzeko gehienez bi lagun onartuko dira. Gutxieneko adina ere mugatu da eta 15 urte edo gehiago izatea eskatzen da.

  Bideo muntaia tailer honetan parte hartzeko interesa dutenek, izen abizenak eta adina honako helbide elektroniko honetara bidali behar dute: olr.antolakuntza@gmail.com

  Zalantzaren bat duenak ere, helbide elektroniko horretara mezua bidaliz argitzeko aukera izango du.

  Bideo muntaia tailerrean parte hartzen dutenek ordenagailua eta bideo muntaiak egiteko erabiltzen duten programa instalatuta eraman beharko dute. Ahal badute gainera, Oñatiko rallyan erabiliko duten ordenagailu bera eta programa eramatea gomendatzen da.

  Oñatiko laburmetraien rallyaren antolatzaileak lanean hasita daude, bosgarren rallya prestatzen. Data finkatu zuten lehenik, azaroaren 8an izango da. Eta aurreko urteetan muntaia egiterakoan ikusi diren zailtasun eta zalantzak kontutan hartuta, bideo muntaia tailerra ematera erabaki dute.

  Gogoratu, Oñatiko laburmetraien rallyan, nagusiki herriko gazte taldek parte hartzen dutela. Batzuek, ikus-entzunezkoen muntaian eskarmentua eta formazioa badute baina askok, oinarrizko ezagutzak falta dituzte. Hurrengo rallyan, alde teknikotik partaideak parekatsuago egon daitezen antolatu da oinarrizko ikastaro praktiko hau. Denbora ondo aprobetxatzea oso garrantzitsua baita Oñatikoaren moduko laburmetraia rallyetan. Partaideek 11 orduko tarte estua izaten baitute jarritako gaiari jarraituz, istorioa asmatu, irudiak grabatu eta muntatzeko.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!