Oñatiko udala

Oñatiko biztanle kopuruak behera egin du

2021/01/08
Card image cap
Urtarrilaren 1eko dataz 11.475 lagun geunden Oñatin erroldatuta, orain urtebete baino 22 gutxiago

  Udaletxean, errolda datuak berritzeaz arduratzen den zerbitzuan eskuratu ditugun datuak dira aipatutakoak. Ez dira datu ofizialak, horiek Estatistiken Institutu Nazionalak ematen baititu. Baina jakinarazpen ofizialak oso atzeratuta iristen dira; 2020ko urtarrilaren 1eko errolda datua pasa den hilean argitaratu eta abenduko Osoko Bilkuran jakinarazi zen. Hori hala izaki, eta edozein errolda-aldaketa egiteko udal bulegoetara jo behar dela kontutan hartuta, bertatik jasotako datuak ontzat eman daitezke, nahiz eta gora behera txikiren bat egon litekeen.

  Bukatu berri den urtean 71 haur jaioberri erroldatu dira Oñatin. Jaiotakoen kopurua ehun haur baino gehiago izan da gurean hainbat urtetan baina 2018tik ez da kopuru horretara iristen. Txanponaren bestaldean hildakoen kopurua dago. 2020. urtean zehar Oñatin erroldatuta zeuden 109 lagun hil ziren. Covid-19a dela eta hildakoen kopuruak bereziki gora egingo zuela pentsa genezake baina ez zen hala gertatu iaz, aurreko urtean baino  2 hildako gehiago zenbatu baitziren.
Baina jaiotza eta heriotza kopuruen aldea bai bereziki handitu zen iaz, 38 laguneko aldea baitago bata eta bestearen artean. Dena den, 2021a 22 biztanle gutxiagorekin hasi dugu, eta horrek esanahi du, jaiotza eta heriotzen arteko fluxua negatiboa izan den arren kanpotik gurera bizitzera jende berria etorri dela. Hori bai, ez da nahikoa izan aurreko urteko errolda datuak handitzeko.

  2005etik herriko biztanle kopuruak pitinka gorantz egin du urtetik urtera. Joera hirutan irauli da azken urteetan, 2014an, 2017an eta iaz. 2020. urte hasieran hurbil ikusten zen 11.500 biztanleen langa urrunduz doa.

  Urte hasieran, urtarrilaren 1ean, Oñatin erroldatutakoak 11.475 ziren. Horietatik 5.829 emakumeak ziren eta 5.646 gizakumeak. Baina aipatutakoak ez dira datu ofizialak. Horiek INEk ematen ditu baina 2021eko urte hasierari dagozkionak, urte akaberan jakinaraziko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!