Oñatiko udala

Oñatiko bake epailea eta haren ordezkoa hautatzeko prozesua abian da

2021/04/12
Card image cap
Bake epaileak herri mailako auzi txikietan parte hartzen du eta erregistro tramiteak egin eta egiaztatzen ditu

  Horiek, besteak beste, bake epaileari dagozkion funtzio eta betebeharrak. Bestelako eskuduntza eta erantzukizunak legez zehaztuta daude. Horregatik, bereziki baloratzen da bake epaile kargura aurkezten direnek zuzenbide arloko formakuntza izatea, nahiz eta hori ez den derrigorrezkoa. Izan ere, printzipioz, Oñatin bizi den 18 urtez gorako edonor izan baitaiteke bake epaile. Euskaraz eta gazteleraz ahoz zein idatziz lan egiteko gai dela egiaztatu beharko dute hautagaiek, eta euskarari dagokionez, EGA, C1 edo 3. hizkuntza eskakizun maila izatea eskatuko da. Agiri bidez egiaztatzen ez duenari gaitasun proba egingo zaio eta oinarri gisa aipatu 3. HE eskatuko da, baina halakorik ez balego, 2. maila egiaztatzen duenarekin beteko da kargua.

  Zuzenbideari buruzko ezagutza izatea baloratuko da, esan bezala, baina aldi berean, arlo honetan lanean jarduteak hautagaia, automatikoki aukeraketa prozesutik kanpo utziko du. Abokatu eta prokuradore lanetan dihardutenek ezin baitute bake epaile izan, ezta, aholkularitza juridiko lanetan dihardutenek ere. Kargu politiko edo sindikala dutenak eta administrazioko funtzionario edo langile direnak ere, hautaketa prozesutik kanpora geratuko dira. Ezintasun hauek gaindituta, Oñatin ohiko etxebizitza duen 18 urtez gorako edonor izan daiteke bake epaile.

  Zuzenbidean lizentziatua izatea eta langabezian egotea baloratuko dira, baina hautaketarako irizpide nagusia, elkarrizketa pertsonala izango da. Bake epailea eta ordezkoaren izendapenak lau urtetarako dira.

  Martxoaren 21eko Tokiko Gobernu Batzarrean onartu zen Oñatiko bake epailea eta haren ordezkoa izendatzeko prozesua abiaraztea, aurrez zehaztutako oinarriak onartuta. Deialdia berriz, apirilaren 6an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Bake epaile izan nahi duenak, eskaera udal bulegoetan aurkeztu behar du maiatzaren 4ra bitartean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!