Oñatik aurreikusitakoa baino 1.293.343 euro gehiago jasoko ditu Udal Finantzaketarako Foru Funtsatik
Gipuzkoako udalerriek 582 milioi euro jasoko dituzte 2021 urteko Udalen Finantzaketarako Foru Funtsen likidaziotik. Hau da, pandemiak bete-betean jo zuen 2020an baino 100 milioi euro gehiago eta aurrekontuan jasotakoa baino 84 milioi pasa gehiago. Oñatira etorrita, udalak aurreikusitakoa baino 1.293.343 euro gehiago jasoko ditu. Hala jakinarazi zen Gipuzkoako finantza Kontseiluak atzo egin zuen bileran. Izaro Elorza alkateak zuzenean jaso zuen berria batzarrean izan baitzen, EUDELeko Gipuzkoako Lurralde Batzordeko kide den aldetik.
Astelehenean Herri Dirubideen Euskal Kontseilua elkartu zen eta euskal ogasunentzat 2021a errekor urtea izan zela jakinarazi zen, aurreikusitako diru-sarrerak gainditu baitziren. Euskal erakunde sistema arrisku partekatuan oinarritzen da eta ondorioz, sarrera extra horiek udaletara ere iristen dira, foru funtsen bidetik. Otsailean egin ohi den likidazioaren arabera Gipuzkoako udalei 582 milioi euro jasotzea dagokie, urte hasieran iragarritakoa baino 84 milioi eta 110 mila euro gehiago. Aipagarria da udal finankaterako foru funtsen 2022ko datua, 2021eko likidazioaren azpitik dagoela, aurten Gipuzkoako udalek, 567 milioi 454 mila euro jasotzea aurreikusten baita. Oñatiko udalak 8.796.428 euro jasoko ditu aurten eta 8.949.966 euro 2021ean, onartu berri den likidazioaren arabera.
Gogoratu behar da, gainera, estatuko Covid-19 funtsetatik eratorritako beste 25 milioi euro berriki jaso dutela Gipuzkoako udalek. Orain hilabete jakinarazi zen banaketaren arabera Oñatiri 389.812 euro zegozkion eta foru funtsen likidazia batuta, 1.683.155 euro extra dira, iazko urte hasieran aurreikusitakoaren gainetik.
2021k orain arteko errekorra zuen 2019ko datuak gainditu ditu. Horrek pandemiak eragin dituen ez ohiko inbertsio eta dirulaguntza premiei buelta ematen lagunduko die Gipuzkoako udalei. 2020an pandemiak eragindako krisiaren ondorioz, hain zuzen, Gipuzkoako udalek urte hasieran iragarritakoa baino dezentez diru gutxiago jaso zuten foru funtsetatik.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!