Oñatiko udala

Oñatik 179 mila euro gehiago jasoko ditu 2019ko Foru Funtsaren likidazio kontzeptuan

2020/02/17
Card image cap
Bosgarren urtez jarraian errekorra gainditu du Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak

  Ez hori bakarrik, urrian egin zen aurre-likidazioaren kopurua ere hobetu da eta azken emaitzak 50.000 euro gehiago helaraziko dizkio Oñatiko udalari. Urrian, 129.000 euro extra jaso zitzakeela adierazi zen Diputaziotik, baina orain egin den likidazioaren arabera,179.378 euro jasoko dira. Horri, noski, 2019an zehar foru funtsetik jasotako ia 8 milioiak batu behar zaizkio. Alegia, bata eta bestea kontuan hartuta, 2019ko foru funtsaren kontura, Oñatik, 8.178.457 euro jasoko ditu.

  Foru Aldundiak iragarri zuen 2019a ekonomikoki urte ona izan zela, sarrerak espero baino gehiago hazi baitzen. Horrek, besteak beste, udalen finantzaketan eragina izan du eta foru funtsaren likidazioa positiboa izan da, hau da, udalen aldekoa. Gipuzkoako udalek 2019rako hitzeman zitzaiena baino 11milioi eta erdi euro pasa gehiago jasoko dute. Hori iazko aurrekontuetan ezarritakoa baino % 2,2 gehiago da.

  Diru kontu hauen berri ostiralean eman zuten foru arduradunek, Finantzen Euskal Kontseiluak bilera egin eta biharamunean.

  Oñatiko Udalak 2019ko Foru Fondoetatik 7.999.080 euro jaso zuen eta horri, datorren asteetan jasoko dituen 179.378 euroak batu behar zaizkio. Hala, kasik, aurtengorako iragarri zen Foru aportazioa beteko da. 2020an, 8.252.000 euro agindu baitzitzaizkion Oñatiko udalari.

  2007tik 2013ra bitartean, Foru Fondoen likidazioan udalek dirua itzuli behar izan zioten Diputazioari. Azken bost urteotan aldiz, likidazioa udalen aldekoa izan da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!