Oñatiko udala

Ohiko inauteri egitaraua prestatu da aurten

2022/02/21
Card image cap
Ikasleak Oñatiko inauteri txikian 2020an
Oñatiko inauteri txikiak emango dio ospakizunari hasiera, ostegun arratsaldean

  Oñatz dantza taldearen 50. urteurreneko egitarauaren barruan 2020an egin zen Oñatiko inauteri txikia berreskuratuz ekingo zaie ostegun gizen arratsaldean karnabal ospakizunei. 2020ko hura lehenengo Oñatiko inauteri txikia izan zen, oraingoz bakarra, pandemiak halakorik egitea eragotzi zuelako iaz. Baina herriko hiru ikastetxeetako LHko 5. eta 6. mailako neska-mutilak batu zituen ekimena berreskuratzea erabaki da aurten. Ikastetxeetan aspalditik ari dira dantzak eta jantziak prestatzen. Ostegunean, 15:00tan ikusiko ditugu kalejiran lehenik eta plazan elkarrekin dantzatzen ondoren.

  Izan ere, ohiko inauteri egitaraua prestatu baita aurtengorako gurean, iazko hutsunearen ondoren. Hori bai, moldaketa txikiak egin behar izan dira eta Oñatiko inauteriaren konpartsaren ekitaldian antzemango da erronda goizera mugatu baitute. Konde-kondesa, borreroak, errementarixak, txokolateroak, hartza eta bestelako pertsonaiak kalera itzuliko dira berriro, dantzariekin batera, baina kalerik kale goizez bakarrik ibiliko dira, 10:30tatik 14:00tara, Eltziatik abiatu eta plazan amaitzeko. Aurtengoa berezia da konpartsarentzat, lehenengo aldiz irten zeneko 10. urteurrena betetzen baita.

  Domekan dantza nagusi izango da eta urteetako ohitura berrituz, Oñatz taldekoek Luzaideko inauteri dantzak eskainiko dituzte arratsalde-ilunkaran, Jose de Azpiazu musika eskolako akordeoi ikasleak lagun hartuta. Eta dantza egiteko aukera izango da baita ere asteartean plazan DJ festa antolatu baita 18:30tatik aurrera. aurrez, asteartean bertan, Kiki, Koko eta Moko pailazoen BIZI BIZI ZIRKUA ikuskizuna eskainiko dute Santa Ana aretoan, emanaldi bikoitzean, 16:30tan eta 17:45tan. Pailazo ikuskizunaren ondoren Parrokiako Misio taldeak urteroko elkartasun txokolatada egingo du plazan.

  Ostiralean ere izango da ekintza berezirik, Santa Ana aretoan HARRI MINAK antzezlanaren estreinako emanaldia izango baita Bonbon Beltz konpainien eskutik. Geuretik sortuak ekimenaren baitan sortu den ikuskizun berri honen emanaldia 19:00tan hasiko da. Antzerki emanaldirako nahiz astearteko pailazo ikuskizunerako sarrerak salgai daude jada.

  Pake leku elkartean eta Gaztelekuan ere inauterietako ekintza bereziak antolatu dituzte. Pake lekun ostegun gizen eguna mozorrotuta eta dantzan ospatuko dute. Eta Gaztelekuan, Tor magoaren ikuskizuna izango dute igandean eta ekintza bereziak astearteab. TOR magoak emanaldi bikoitza egingo du, 17:00tan Kuboko erabiltzaileentzat eta 18:30tan Topalekukoentzat. Bertaratzeko izena eman behar da.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!