Oñatiko udala

Ohiko inauteri egitaraua antolatu da

2024/01/30
Card image cap
Urrezko aizkorako finalerdiak aberastuko du igandeko egitaraua, eguerdian

  Herriko hiru ikastetxeetako LHko 5. eta 6. mailako neska-mutilek osatutako konpartsa gazteak irekiko du ostegunean inauterietako ospakizun egitaraua, aurten ere. Hiruzpalau dantza eta kantu prestatzen ari dira eta kalerik kale eskainiko dituzte otsailaren 8an, arratsaldez. Ospakizuna 15:00etan hasiko da Olaitturrin eta erdiguneko kaleak zeharkatuta plazan amaituko da, 16:15etan.

  Larunbatean konpartsa nagusia kaleratuko da eta goiz eta arratsalde arituko dira kaleak alaitzen. 11:00etan Eltziatik abiatuko dira eta goizeko jarduna 13:30etan plazan amaitu ondoren, elkarrekin bazkalduko dute kiroldegian. Katering zerbitzua kontratatu dute. Arratsaldeko saioa berriz, 17:00etatik 20:00etara luzatuko da, azken dantzak plazan errepikatuz. Ohikoa denez, herriko historian pisu berezia izan duten hainbat lanbide eta elementu tradizional konpartsara batuz joango dira, egunean zehar. Konpartsa handia elkartuko da aurten ere eta nobedadeak izango dira, dantza eta kantu doinu berria iragarri baitute antolatzaileek.

  Domeka ezohiko ikuskizun batekin hasiko da, Urrezko aizkora txapelketako finalerdietako saio bat gurean jokatuko baita, eguerdian. Ia urteroko bihurtu den herri-kirol ikuskizuna, inauteri domekarekin etorriko da. Plazan egin asmo da baina eguraldi txarra balego, Zubikoako pilotalekura eramango da. Arratslde-ilunkaran berriz, Oñatz taldekoek Luzaideko Bolant dantzak eskainiko dituzte , Aita Madina txistulari taldea eta Jose de Azpiazu musika eskolako akordeoi joleak lagun hartuta.

  Dantza egiteko aukera izango da baita ere asteartean plazan DJ festa antolatu baita 18:00etatik aurrera. Ordubete lehenago, Gari, Montxo eta Joselontxo konpainiaren eskutik Txaplin ikuskizuna izango da Zubikoa kiroldegian. Sarrerak dagoeneko salgai daude oñati.eus atarian eta Txokolateixan, 3 eurotan. Pailazo-ikuskizunaren ondoren erraldoi eta buruhandiak kalera irtengo dira eta Parrokiako Misio taldeak urteroko elkartasun txokolatada egingo du plazan. Bildutako dirua Guinea Konakryko Oñati eskolara bideratuko da.

  Inauterietako egitaraua inprentan da eta aste honen hondarrean, edo datorrenaren hasieran banatuko da etxe guztietara.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!