Nekazaritza ustialekuak modernizatu eta baso-bide pribatuak eraiki eta hobetzeko dirulaguntzak ebatzi berri dira
Sei dirulaguntza lerro nagusi ditu Zerbitzuak eta Landa Garapen udal departamentuak eta horietako biren ebazpena onartu zen azken Gobernu Batzarrean: nekazaritza ustialekuak modernizatzeko dirulaguntzak eta baso-bide pribatu nagusiak eraiki eta hobetzeko dirulaguntzak.
Nekazaritza ustialekuak modernizatzeko deialdira 9 eskaera aurkeztu ziren baina 8 bakarrik onartu eta diruz babestu dira. Ukuilu, silo edo ustiategirako instalakuntzak hobetzeko eskaerak % 35eko proportzioan diruz laguntzea onartu da, beti ere 4.000 euroko mugarekin, eta larreak garbitzeko lanak, ustiategirako generadore berria, belar bolak mugitzeko gailua edota eguzki energia instalakuntzak egiteko beste laguntza batzuk eman dira. Guztira, 20.000 euroko partida zuen Udalak eta 13.876 euro banatu dira laguntza lerro honetan.
Baso-bide pribatu nagusiak eraiki eta hobetzeko laguntza lerroari dagokionean, berriz, zehaztutako oinarriak betetzen dituen eskaera bakarra jaso eta onartu da: Ertzil Etxebarri-Ubao baso pista konpontzeko eskaera, alegia. Kasu honetan justifikatutako aurrekontuaren %80a diruz lagunduko du Udalak, 2.312 euro bideratuz. Laguntza lerro honetarako 15.000 euro gorde ziren iaz, gehiengoa beraz, gastatu gabe geratu da.
Zerbitzuak eta Landa Garapena udal departamentuak eman ohi dituen dirulaguntza hauen 2023ko deialdia laster kaleratzea aurreikusten da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!