Luzatu egin da aisialdiko begirale ikastaroan izena emateko epea.

2014/10/02
Card image cap
Interesatuek, urriaren 9ra arte izango dute izena emateko aukera. Udalak antolatutako ikastaroa urriaren 11an hasiko da.

  Berez ostiralean amaitu zen aisialdiko begirale ikastaro honetan parte hartzeko izen emate epea. Gutxieneko bat ziurtatzea zen antolatzaileen kezka nagusia eta hori orain bi aste lortu zen. Ikastaroa egin-egingo denaren lasaitasunarekin, libre dauden plazak bete ahal izateko aukera berria eman nahi da. Horretxegatik, esan bezala, izen ematea luzatu eta urriaren 9ra arte zabaltzea erabaki dela jakinarazi digu udaleko euskara eta hezkuntza teknikariak.

  “Haur eta gazteen aisialdirako begirale” ikastaro hau Oñatin egingo da eta Eusko Jaurlaritzak homologatutako titulu ofiziala eskuratzeko bidea emango du. Ikastaroa euskaraz emango da eta teoria eta praktika uztartuko dira. Datorren astean, urriaren 11n hasi eta maiatzera arte luzatuko da eta larunbatetan emango da, 9.00-14.00 eta 15.00-18.00. Horri, hiru asteburu osoko jarduna batu behar zaio. Guztira, 202 ordu teoriko eta 120 praktiko osatuko dira.

  Udalak antolatutako formazio ikastaro honetan parte hartzeko, adinez nagusi izan behar da edo gutxienez, 2015ean 18 urte betetzea. Titulua eskuratzeko ezinbestekoak diren praktikak egiteko, 18 urte beteta izatea eskatzen baita.

  Ikastaroak, 500 euroko matrikula kostua du baina udalak, herritarrentzako diru laguntzak emango ditu. Langabetu edo ikasleentzat matrikula kostuaren %75a diruz lagunduz eta gainontzeko herritarren kasuan, matrikula erdia estaliz. Diru laguntza hauek eskuratu ahal izateko, Oñatin erroldatuta egon behar da eta ikastaroaren aprobetxamendu ona erakutsi behar da, titulua eskuratuz eta gutxienez, % 90eko asistentzia beteaz.

  Plazak mugatuak dira eta gehienez 30 lagunek egin ahal izango dute. Dagoeneko 12ren izenak jaso dira eta hartarako epea luzatuta, taldea guztiz ez bada ere, apur bat gehiago osatzea espero da. Lehentasuna, oñatiarrek dute baina kanpoko eskaerak ere onartzen dira.

  Izena emateko bide bakarra da, udaleko web orrian sartuta: hezkuntza zerbitzuan sartuta. Dena den, informazio gehiago nahi duenak udaletxera telefonoz deituta eskuratuko du. Horretarako zenbakira: 943 78 04 11 da. Iñaki Akizurekin berba egin behar da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!