Lazarragako lorategiak erabilera publikoa izaten jarraituko du

Hitzarmen berriak duen aldaketa nagusia ordutegian egin den zehaztapena da. Lehen, parkea eguzkia sartu baino ordubete lehenago itxiko zela zioen arren, aurrerantzean, ordu finko batean itxiko da: urriaren 15etik apirilaren 15a bitartean, arratsaldeko 17.00tan eta gainontzeko egunetan, arratsaldeko 20.00tan. Hori, publikoari irekita dauden urteko hamar hilabeteetan, uztaila eta abuztuan lorategia itxita izango baita herritarrentzat, orain arte bezala; bi hilabete horietan bertako jabeek erabiliko dute.
Udalak eta Sotomayorreko dukeak izenpetu duten hitzarmen berrian erabilpen publikotik kanpo geratzen den Lazarraga Jauregiko baratzearen mantentze lanak ere jaso dira. Egun gune berde den baratzearen mantentze lanak lorategiarenarekin batera Udalaren kontura egingo direla dio hitzarmen idatzi berriak.
Orain hiru urte, 2012ko irailean adostu zuten Udalak eta Sotomayorreko dukeak Lazarragako lorategia herriari zabaltzea. Hiru urte hauetako esperientzia positiboki baloratu ondoren, lagapen hitzarmena 2019an udal agintaldia amaitu arte luzatzea erabaki da.
Esperientziaren balorazio orokorra ona izan den arren, jokabide desegoki batzuk antzeman dira: landara eta setoak apurtu edo harriak zelaira eta ur putzura botatzea, besteak beste. Jokabide hauek kezka sortu dute eta halakoak ekiditea eskatzen du Udalak. Era berean, parke barruan futbolean jolastea, bizikleta edo patinetean ibiltzea edota animaliekin sartzea debekatuta dagoela gogorarazten da.
Lazarragako lorategiak 4.000 metro kuadroko azalera du. Jabearekin izenpetu den hitzarmenaren arabera, espazioak, irailetik ekainera erabilera publikoa izaten jarraituko du eta trukean, udalak, bertako mantentze lanak eta erabiltzaileek eragin ditzaketen kalteen gaineko erantzukizuna bere gain hartzen du.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!