Oñatiko udala

Lau lagun aurkeztu dira arte udalekuetan begirale izateko

2022/03/18
Card image cap
Izen-ematea gauerdian amaituko da

  Arte udalekuetan begirale izateko izen-ematea udaleko zerbitzu telematikoaren bitartez egin liteke, eta horrek, epea luzatzeko aukera ematen du. Gauerdian itxiko da.

  Arte udalekuetan begirale izateko oinarrizko hiru baldintza bete behar dira: Arte Ederretako graduaren lehenengo bi ikasturteak, gutxienez, gaindituta izatea eta EGA, C1 edo 3. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara maila izatea eta sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa izatea. Horrezaz gain, 4. hizkuntza eskakizunaren maila izatea, Arte Ederretako graduaren 2. mailatik gorako ikasturteak gaindituta izatea, artearekin lotutako bestelako formazioa izatea, eta arte udalekuetan, udaleku irekietan eta udako zaintza zerbitzuetan begirale gisa aritu izana edota  artearen inguruan irakasle lanak egin izana bereziki baloratuko dira. Lan esperientzia  eta formakuntza osagarriari dagozkion egiaztagiriak eskaerarekin batera aurkeztu beharko dira meritu gisa baloratzeko. Aurrez aipatu ditugun oinarrizko baldintzak betetzen direla ere egiaztatu beharko da, zuzenean agiriak aurkeztuz edo horiek kontsultatzeko udalari baimena emanez.

  Arte udalekuetan arituko diren begiraleei hilabeteko lan kontratua egingo die udalak, ekainaren 27tik uztailaren 29ra. Orain arte lau lagun aurkeztu dira baina eskaera gehiago jaso daitezke, interesa, beste hainbat lagunek azaldu baitute.

  Arte udalekuak, lehen hezkuntzako 3. mailatik DBH 3. mailara arteko haur eta gazteei zuzendutako aisialdi ekintza da eta ekainaren 27tik uztailaren 22ra beteko da, goizez,  10:00etatik 13:00era. Plazak mugatuak egongo dira baina begirale izateko hautagaien arabera zenbat talde osatu erabakiko da. Parte hartzeko interesa duten haur eta gaztetxoen izen-ematea datorren astean egin beharko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!