Oñatiko udala

Lanbide heziketa arautuan aurrematrikula epea ireki da gaur

2021/05/31
Card image cap
Larraña institutuan erdi mailako hiru ziklo eskaintzen dira eta Enpresagintza fakultatean goi mailako beste hiru

  Aurrematrikula betetzeko bi bide daude: on-line edo ikastetxean bertan. On-line egiteko ikasgunea plataforman sartu behar da. Bestela, ikastetxera joanda zuzenean bete daiteke aurre-matrikula eta behar diren agiriak aurkeztu. Horretarako hitzordua eskatu behar da telefonoz.

  Mekanizazioa, kirol ekintzen gidaritza natur ingurunean eta mantentze-lan elektromekanikoa dira Larraña institutuan ikasi daitezkeen erdi mailako zikloak. Enpresagintza fakultatean, berriz, goi mailako hiru lanbide heziketa ziklo eskaintzen dira: administrazioa eta finantzak; zuzendaritza idazkaritza eta salmenten kudeaketa. Bai erdi mailako zikloetan baita goi mailakoetan ere ikasleei praktika errealak egiteko aukera eskaintzen zaie inguruko enpresetan.

  Lanbide heziketa egiteko gutxieneko ikasketa batzuk eskatzen dira, zikloaren izaeraren arabera. Erdi mailako zikloak egiteko, adibidez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu behar da, eta goi mailako zikloak egiteko, berriz, batxilergoa edota beste goi mailako zikloren bat. Erdi eta goi mailako heziketa zikloen inguruko informazioa nahi dutenek Larraña institutura edota Enpresagintza fakultatera jo dezakete. Bietan aurrematrikula epea zabalik baitute ekainaren 18ra arte. Lanbide heziketaren bidean jarraitzeko zalantzan daudenei aurrematrikula betetzea gomendatzen zaie; aurrematrikula betetzeak ez du ezertara behartzen baina plazak berehala betetzen diren zikloetan matrikulatzeko beharrezkoa da.

  Kurtsoa amaituta eta DBH edo batxilergoko notak eskutan, matrikula betetzeko, uztailaren 19tik 21era arteko epea izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!