Kultura udal departamentuaren 2021eko dirulaguntzak likidatzeko erabakia hartu da

2021a amaitu aurretik, urteko azken Tokiko Gobernu Batzarrean onartu zen Kultura departamentuak eman ohi dituen bi dirulaguntza lerroen likidazioa egitea. Hala, udaberri amaieran onartu ziren dirulaguntzen bigarren zatia ordaintzeari argi berdea eman zaio, azaroaren 30a bitartean aurkeztutako memoriak aztertu ondoren.
Kultur talde eta elkarteen urteko programetarako dirulaguntzen atalean, 13 eskaera onartu ziren. Atal honetan partidarik handienak, Oñatiko Ganbara Abesbatzak, Hots abesbatzak, Oñatzek eta Ganbara Kantu eskolak jaso dituzte. Ilunpetan argazkizaleen taldeak, Txinparta bertso eskolak, Lizargarate trikitizale taldeak, Oñatiko Margo Taldeak, Irazan antzerki guneak, Algaraz Ikuskizun elkarteak, Zinzelkatzaileen elkarteak, Zarramarra taldeak eta Nabarralde elkarteak ere udalaren babes ekonomikoa jaso dute.
Sormen lanetarako dirulaguntzen atalean 15 eskaera jaso eta onartu ziren baina 5 eragilek beraien proiektuak gauzatzeko zailtasunak izan dituztela adierazi dute eta, ondorioz, udalak aurreratu zien dirua itzuli beharko dute. Larru beltzak eta Valls &Band taldeek eta Iker Martinez de Zuazo eta Karmelo Alberdik diskoak grabatzeko udalaren dirulaguntza jaso dute, baita Ganbara kantu eskolak ipuin muskatuak sortzeko ere. Ganbara faktoriaren aldizkariak eta Faktoria musika kanalaren sorrerak udalaren babes ekonomikoa jaso dute, laburmetraien produkzioan ere Aita lanerako laguntza eman da eta erakusketa argitalpenetan, Hortensia Alcalaren liburua, Artixaren argazki zaharren bilduma eta Oñatiko sugeen inguruan osatuko denak ere udalaren dirulaguntza izan dute.
Kasu guztietan, onartutako diru laguntza likidatzeko % 40a ordainduko da orain: urteko programetarako 26.300 euro bideratuko dira eta beste 5.300 euro sormen lanetarako.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!