Oñatiko udala

Kiroldegiko garbiketa zerbitzua lizitaziora atera du udalak

2021/10/08
Card image cap
Eskaintzak aurkezteko epea urriaren 25ean itxiko da

  Kiroldegiko handitze lanak iraun bitartean luzatu zen instalazioen garbiketa egiten zuen enpresarekin udalak zuen kontratua, momentuko egoerara egokituta. Baina lanak amaituta esleipen berria egitea tokatzen da eta horretarako prozesua abian da jada.

  Kiroldegiko bulego, kantxa, igerileku, aldagela eta gainerako instalazioetan egin beharreko lanak zerrendatu dira, besteak beste, garbiketa maiztasuna zehaztuta. Hori ordutara eraman, eta lan orduaren prezioa 22,12 eurotan (+BEZ) finkatuta, urteko kontratuaren esleipen aurrekontua, 198.257 euro da, BEZ kanpo.

  Lana esleitzerakoan eskaintza ekonomikoak izango du pisurik handiena, % 67, eta gainontzekoa, memoria teknikoak. Egun kiroldegia garbitzen diharduten zortzi langileen zerrenda ere osatu du udalak, kontratua lortzen duen enpresara subrogatuko baitira. Gainera, udalak kontratatuta diharduen 9. langilea plangintzan integratu beharko da.

  Kiroldegia garbitzeko zerbitzu kontratuak urtebeteko iraupena izango du baina bi aldeak ados egonez gero urtez urte, beste hiru alditan, luzatu ahal izango da. Kontratu berria 2022ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean. Bitartean, interesa duten enpresek, urriaren 25a arteko epea dute eskaintzak aurkezteko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!