Oñatiko udala

Kirol begiraletarako onartu eta baztertuen zerrendak argitaratu dira

2019/05/03
Card image cap
Astelehenean amaitzen da erreklamazioetarako epea

  Uda kanpainako beharretarako kirol begiraleen deialdira 20 lagun aurkeztu ziren. Horietatik 6 prozesutik kanpo utzi dira eskatutako titulazioa edota sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa ez aurkezteagatik. Batzuek gainera, patinaje edota eskalada zerbitzu espezifikoetarako eskatzen zen esperientzia ez egiaztatzeagatik erabat baztertu dira edo zerbitzu orokorretan aritzeko soilik onartu dira. Zerrenda, udaleko web atarian edo udaletxeko iragarki taulan ikusgai dago.

  Baina zerrenda behin behinekoa da eta erreklamazioak aurkeztu edo akatsak zuzentzeko aukera ematen du horrek. Epea, astelehenean maiatzaren 6an amaituko da.

  Eta astelehenean hasiko da hain zuzen ere, uda kanpainan parte hartzeko behin behineko izen-ematea. Zozketan parte hartzeko inskripzio-orriak maiatzaren 6, 7 edo 8an Zubikoa kiroldegian utzi behar dira. Lehen izen-emate orri horietan gehienez hiru haur inskribatu ahal izango dira, eta orri bakoitzari zenbaki bat emango zaio zozketarako. Haur bat ezin izango da inskripzio-orri batean baino gehiagotan egon, hala gertatuz gero, zozketan  atzeren dagoen lekuan bete beharko baitu behin betiko izen-ematea. Behin betiko izen-emate hori egiteko zozketa datorren ostegunean egingo da eta orduan jada, bakoitzak inskripzioa zein egun eta ordutan egin behar duen argituko da. Behin betiko izen ematea maiatzaren 13tik 17rako astean bete beharko da.

  Jasotzen diren eskaeren arabera erabakiko da zenbat begirale eta zein ekintzetarako beharko diren. Aurreko urteetan 15-20 artean kontratatu dira baina aurten zenbat beharko diren datozen egunotan zehaztuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!