Jaturabe IX koban zundaketa lanak egingo dira

2019/07/08
Card image cap
Aztarnategiaren datazioa zehaztu eta iaz lortutako lehen datuei sendotasuna ematea da helburua

  Naroa Garcia eta Ekaitz Arrieta historia lizentziatuek iaz hasitako kanpainari jarraipena emango diote Jaturabe IX deritzon koban. Iaz, lehen zundaketa lanak egin zituzten aztarnategirik ba ote zegoen argitzeko eta jasotako lehen datuek hipotesia baieztatu zuten. Hala, aurtengo uztailean zundaketekin jarraituko dute beste metro karratu bat zabalduz.

  Pasa den astean prestaketa lanak egin zituzten Jaturabe IX koban, goiko estratua kenduz. Gaur lanean jarraitzeko asmoa zuten baina eguraldi ekaiztsuaren alerta eman denez, hau pasa orduko, asteazkenean edo, zundaketa denarekin hasiko direla adierazi digu Naroa Garciak, EHUko irakasleak. Eguraldiaren faktoreak ez du koba barruko lana bereziki baldintzatzen baina bertarainoko bidea lokaztu eta zailtzen du.

  Iazko zundaketan ez ziren kobaren oinarri-harkaitzeraino iritsi, halakoetan, lurra jausteko arriskua handia izaten baita. Oraingoan ere ez da hori helburua, baizik eta iaz lortutako datuak sendotu eta kronologia argitzeko datazioa zehaztea. Iaz ateratako materiala badirudi Brontze aroaren amaierakoa izan daitekeela, inguruko beste hainbat aztarnategitan topatu denaren antzekoa baina baliteke aztarnategia antzinagokoa izatea, Goi Paleolito garaikoa edo. Hori aurten egin asmo den datazioak azalduko du.

  Jaturabe IX koban egindako zundaketek Foru Aldundiaren baimena eta dirulaguntza dute. Arkeologi indusketak eta ikerketak egiteko ekainaren 13 ebazpenaren arabera, Gipuzkoako Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol departamentuak 3.100 euroko dirulaguntzaz babestuko du aurtengo kanpaina. Proiektuak Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa taldearen babesa ere badu eta iaz koban lanean Garcia eta Arrieta historialariak soilik aritu baziren ere, aurten, hainbat ikasleren laguntza izango dute.

  Zundaketa lanak egiten ari diren Jaturabe IX deritzon koba katalogatuta zegoen lehendik baina aztarnategia ote zen argitzeke zegoen. Garcia-Arrieta ikerlariek hala izan zitekeenaren susmoa bazuten eta horregatik eskatu zuten lehen zundaketa egiteko baimena, iaz. Datu gehiago eskuratzen saiatuko dira uztailean zehar luzatuko den bigarren kanpaina honetan, eta lortutakoaren arabera erabakiko da, zundaketa berriak egin edo industen hasteko proiektua landu eta baimena eskatzea.     

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!