Ikasturte amaierako ekitaldia egin da gaur Artzain eskolan

2022/06/23
Card image cap
Goiko Bentako Migel Maiztegi omendu dute eta eskolarekin izan duen harremana eskertu diote

  Berezia izan da gaur amaitu den ikasturtea Gomiztegiko Artzain eskolan, 25.a izan delako eta 9 hilabete iraun dituelako. Formakuntza praktikoa indartzeko erabaki zen ikasturtea 6 hilabetetik 9ra luzatzea, eta ikasleei ardiaren ziklo osoa bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen zaie. Era berean, etorkizunera begira ikasleek lantzen dituzten proiektuen jarraipen hobea egin ahal izan dute.

  Baina 2021-2022 ikasturtea ofizialki eguerdian amaitu da Arantzazuko Artzain eskolan. Azken azterketa eta frogak gainditu ondoren, diploma banaketa ekitaldia egin da. Artzain eskolako 25. promozioa 10 lagunek osatu dute. Guztiek artzain makila eta ikasturtea gainditu dutela egiaztatzen duen eskola diploma jaso dute.

  Hamar ikasle horietatik hiru bizkaitarrak dira, beste horrenbeste nafar, bi arabar eta gipuzkoar eta katalan bana; bi emakume eta 8 gizonezko. Irailetik orain arte, teoria eta, laborategietara, instalazioetara, kudeaketa zentroetara edota nekazaritza eskoletara bisitak, eta artzain profesionalen baserrietan egindako praktikak uztartu dituzte.

  Ikasturte amaierako ekitaldian Artzain eskolarekin harreman berezia duten pertsonak omendu ohi dira eta gaur ere bi izan dira: Goiko Bentako Migel Maiztegi eta Onda Vasca irratian Baserria saioa egiten duen Jaime Zubia kazetaria.
Jorge Garbisu, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak eta Izaro Elorza alkateak ekitaldian parte hartu dute, besteak beste. Baina erakundeetako ordezkariez gain artzain berriak, hauen senitartekoak eta ikasleak etxean praktiketan hartu dituzten artzain profesionalak elkartu dira eguerdian Arantzazun.

  Arantzazuko Artzain Eskolak bete dituen 25 ikasturteetan, 300nen bat ikasle hezi ditu. Azken urteetan ahalegin berezia egin da artzainen seme alabak erakartzeko, beti ere, sektoreari jarraipena eman asmoz. 2022-2023 ikasturterako izen-ematea zabaldik dago jada.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!