Oñatiko udala

Ikastetxe eta guraso elkarteen 2019-20 ikasturteko dirulaguntzen likidazioa onartu du Udalak

2021/01/26
Card image cap
Eskola kirolean duten partaidetza da dirulaguntzak banatzeko irizpideetako bat
2020-2021 ikasturte honetarako deialdia egitea ere erabaki du

  Herriko ikastetxeek eta bertan dihardute guraso elkarteek 2019-2020 ikasturterako aurkeztu zituzten egitasmoak gauzatzeko guztira, 90.000 euro pasa banatzea onartu zen maiatzean eta orduan jada, hitzemandako dirulaguntzen % 60a ordaindu zen. Gainontzekoa, irailean likidazioa aurkezterakoan ordainduko zela zehaztu zen. Ohikoa izaten da ikasturte hasierako asmo eta proiektu guztiak ez betetzea, edo aurreikusitakoa baino merkeago egitea. Horregatik dirulaguntzen zuritze edo likidazioa fakturak aurrean direla egiten da eta aurreikusitakoa eta gastatutakoaren arteko diferentzia kalkulatu eta ordaintzen da. Alkate Dekretuz argi berdea eman zaio aurreko ikasturteko dirulaguntzen bigarren zatia ordaintzeari. 

  2019-2020 ikasturtea berezia izan zen eta hori ikastetxe eta guraso elkarteek zituzten asmoetan islatu da. Hainbat ekintza burutu ezinda geratu zirelako eta nodki, diru kontuetan antzeman da. Aurreko ikasturteko dirulaguntzen likidazioan Udalak 27.799 euro banatuko ditu: 27.911 euro 0-18 urte bitarteko hezkuntza eskaintzen duten bost ikastetxeen artean eta -113 euro ikastetxeetan diharduten guraso elkarteen artean. Hau da, guraso elkarteen atalean bi elkartek maiatzean jaso zuten dirulaguntzaren zati bat itzuli egin beharko dute, ez baitute gastatu. Orokorrean, ikastetxe eta guraso elkarte guztiek gastatu dute urte hasieran espero baino gutxiago. Maiatzean onartu zen 90.000 dirulaguntza poltsa  hori ia 8.300 eurotan murriztu da, aurreikusitako ekintza asko ez direlako burutu.

  Ikastetxeei eman ohi zaizkien dirulaguntza hauek ikasle kopurua, urteko ekintza programa edota eskola kirola egitasmoan duten partaidetza besteak beste, kontutan hartuta kalkulatzen da. Guraso elkarteei dagokionean, aurkezten duten ekintza programa da baloratu eta diruz babesten dena.

  Aurreko ikasturteko gastuen likidazioa eginda, 2020-2021 ikasturte honetarako dirulaguntzak eskatzeko epea laster irekiko da. Deialdi berria egitea onartu zen urtarrilaren 14ko Tokiko Gobernu Batzarrean eta iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, egun gutxiren buruan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!