Oñatiko udala

Ikastetxe eta guraso elkarteei zuzendutako udal dirulaguntzak martxoaren 18ra bitartean eskatu daitezke

2021/02/18
Card image cap
Eskola kirolean partaidetza da dirulaguntzetrako irizpideetako bat
Deialdi-iragarkia atzo argitaratu zen Gipuzkoako aldizkari ofizialean

  Herriko ikastetxe eta guraso elkarteei eskaintzen zaizkien dirulaguntzak aspalditik ematen ditu Udalak. Norgehiagoka prozedura bidez emateko ordenantza 2002an onartu zen eta 2017an, dirulaguntzen oinarriak egokitu eta berritu ziren. Ikastetxe eta guraso elkarteek ikasturterako dituzten egitasmoak aurkezten dituzte eta horren araberako dirulaguntza jasotzen dute, beti ere, diru-muga baten barruan.

  2019-2020ko dirulaguntzen likidazioa eginda deialdi berrirako oinarriak onartu ziren urtarrilaren 14ko Tokiko Gobernu Batzarrean. Hilabetera argitaratu da deialdirako iragarkia Gipuzkoako aldizkari ofizialean, eskaerak egiteko epea irekiz. Herriko ikastetxeek eta bertako guraso elkarteek eskola jardueraz kanpo gauzatuko dituzten ekimenetarako 87.000 euroko diru partida dauka aurten Udalak; 81.000 euro ikastetxeek aurkeztutako proiektu hezitzaileak gauzatzera bideratuko dira eta beste 6.000 guraso elkarteen jardun hezitzailea sustatzera. Eskaerak udal bulegoetan aurkeztu behar dira hilabeteko epean, hau da, martxoaren 18ra arte.

  Udalak herriko ikastetxeei eman ohi dizkien dirulaguntza hauen banaketan, ikasle kopurua, eskola kirolean duten partaidetza edota hizkuntza normalkuntzarako errefortzu egitasmoak hartzen dira aintzakotzat, besteak beste. Guraso elkarteen kasuan berriz, gauzatuko den ekintza programa.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!