Iganderako iragarrita zegoen Zuhaitz Eguna astebetez atzeratu da

2017/03/02
Card image cap
Landaketa Iturrigorrin egin asmo da eta domekarako eguraldi eskasa eman dute

  Berezia izango da aurtengo Zuhaitz Eguna. Desagertzen ari den tximeleta zuria babesteko helburuz zumarrak landatuko dira. Halako tximeleta espeziea Arantzazun badela ikusi da eta populazioa egonkortu ez ezik, indartu asmo da. Aipagarria da gainera, Oñatiko zumardirik handiena Arantzazuko barrankoan eta erreka kontran dagoela.

  Aipatu tximeleta zuriaren harrek zumarren lorea eta hostoak  jaten dituzte soilik baina Euskal Herrian, beste hainbat lekutan bezala, zumarrak desagertzen ari dira grafiosia gaitzak jota. Espainiako Ingurumen Ministerioak grafiosiari erresistente diren zumarrak lortu ditu eta horiek landatzeko egitasmoak babesten ditu. Horren berri eman zion halako lanetan diharduen ZERYNTHIA elkarteak udalari eta bide batez, Oñatin halako landaketak egitea ere proposatu zion. Aukera Ingurumen Jardunaldien baitan antolatzen duten Zuhaitz Egunean txertatzea erabaki zuten Natur Eskolako arduradunek. Horregatik, landaketa aurten Arantzazun, Iturrigorrin egitea erabaki zuten. Baina domekarako eguraldi txarra iragarrita dago, euria eta haizea. Horregatik, hitzordua astebetez atzeratu eta martxoaren 12an egitea erabaki dute. Egun horretan Aloñako Lagunak taldekoekin batera helduei zuzendutako Zuhaitz Eguna ere egin asmo zen eta printzipioz, bi deialdiak mantenduko dira. Nola uztartu erabakitzeke dago baina baliteke haur eta heldu, denak batera, lehenengo landaketa Iturrigorrin egitea eta ondoren, nagusiak, Aloña aldera igotzea. Gainera Iturrigorrin ganadua ibiltzen da eta landare berriak jan ez ditzaten itxiturak egitea komeni da.  Horretarako helduen laguntza eskatuko da. Bide batez, Iturrigorrirako ekarriko diren zumar landare batzuk Aloña inguruan ere landatuko dira.

  Gogoan hartu beraz, hasieran iganderako iragarrita zegoen Zuhaitz Eguna, astebetez, hilaren 12ra atzeratu dela. Hitzordua, 10:00tan plazan mantentzen da eta bertatik Arantzazura igoko da, zumarra landareak Iturrigorri aldean sartzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!