Oñatiko udala

Ia 100 lagunek parte hartu dute Gaztelekuak eta bertso eskolak antolatutako IX. bertso paper lehiaketan

2018/03/15
Card image cap
Sariak igande arratsaldean banatuko dira

  Gaztelekuko bertso paper lehiaketa 10 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta adinaren arabera bi talde bereizten dira: lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailakoak batetik eta bigarren hezkuntzakoak bestetik. Guztira, ia 100 lan jaso dira. Kategoria bakoitzean egin beharreko lana ezberdina izan da eta sari kopurua ere ezberdina izango da: Gaztetxoenen kategorian 5 sari emango dira eta nagusienen kasuan, hiru. Saridun guztiek ikasmaterialetan gastatzeko txartelak, bertsolaritzarekin lotutako opariak eta herriko artisauen produktuak jasoko dituzte. Domekan, 18:00tan hasiko den sari banaketa ekitaldian Nerea Ibarzabal bertsolariak parte hartuko du. Aurrez, gaztetxoentzako bertso antzerkia izango da  16:30tan, Petresku etzi ez etsi da antzezlanaren izenburua. Sari banaketaren ondoren azkenik, Gaztelekura hurbiltzen diren guztientzako merienda eskainiko da.

  IX. bertso paper lehiaketako epai mahaia Txinparta bertso eskolako 4 lagunek osatu dute. Aurten ere lan handia izan dutela aitortu dute, ikastetxeetan bertsolaritzaren inguruan egiten ari den lanaren ondorioz, lehiaketara aurkezten diren lanen kalitatea handituz baitoa urtetik urtera. Baina hautaketa eginda dago eta  hauexek dira saritu direnak: Lehen Hezkuntzakoen sailean, lehenengo saria Pablo Arenazak jasoko du, bigarrena Hegoa Larreak, hirugarrena Lide Gaztañagak, laugarrena June Lopezek eta bosgarrena Naroa Sanzek. DBH eta Batxilego sailean berriz, lehenengo saria Bittor Zubiagirrek eskuratuko du, bigarrena Aitor Tatiegik eta hirugarrena Maider Molinerok.

  Gaztelekuko IX. bertso paper lehiaketako sari banaketa domekan egingo da Gaztelekuan bertan. 18:00etan hasiko da eta partaide, esan bezala Nerea Ibarzabal bertsolaria izango da.

Iturria: Oñati Irratia


Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!