Oñatiko udala

Hirugarren deialdia egin du udalak arte udalekuetan begirale izateko

2024/04/18
Card image cap
Apirilaren 26an amaituko da izena emateko epe berria

  79 gaztetxok eman dute izena arte udalekuetan parte hartzeko. Guztiek ekintzan parte hartu dezaten, hasieran pentsatu baino arte begirale gehiago kontratatu nahi dira. Begirale izateko bi deialdi egin dira eta 11 lagunek eman dute izena baina  8 bakarrik onartu dira behin behineko zerrendan eta 3k gainera ez dute eskatutako euskara maila agiri bidez ziurtatu. Horrek esanahi du, euskara froga gainditzen ez badute bost hautagai bakarrik izango dituela udalak. Aukerak zabaltze aldera, hirugarren deialdi bat egitea erabaki da eta gaur bertan ireki da izena emateko epea, apirilaren 26ra arte.

  Bigarren deialdirako zehaztu ziren oinarrizko baldintzak bere horretan mantentzen dira: Arte batxilergoa egina izatea edo Arte Ederretako graduaren lehenengo ikasturtea gaindituta izatea eskatuko zaie hautagai berriei. Horrezaz gain, EGA edo 3. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara maila eta sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa izatea ere eskatuko da. Aipatutako baldintzak betetzen direnaren egiaztagiriak erantsi beharko zaizkio eskaera orriari edo egiaztatzeko baimena eman udal arduradunei. Meritu gisa, Arte Ederretako graduaren 2. mailatik gorako ikasturteak gaindituta izatea, artearekin lotutako bestelako formazioa izatea, 4. hizkuntza eskakizunaren maila izatea, arte udalekuetako begirale gisa aritu izana edota artearen inguruan irakasle lanak egin izana bereziki baloratuko dira. Meritu horiek ere agiri bidez egiaztatu beharko dira.

  Arte udalekuak ekainaren 24tik uztailaren 19ra egingo dira, 10:00tatik 13:00tara. Hala ere, udalak, 26ra arteko lan kontratua egingo die begiraleei eta programazioa prestatzeko eta bukaeran balorazioa eta udalekuen memoria egiteko beste bi egunetan lan egitea eskatuko baitzaie. Arte udalekuetan begirale izateko izen-ematea astebetez luzatuko da hirugarren deialdi honetan, gaurtik, apirilaren 26ra arte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!